BESTELAKOAK

Palindromoen mundua Gernikako Euskal Herria Museoan ikusgai

Markos Gimenoren Karteletrak erakusketak Markos Gimenok idatzitako palindromoetatik sortutako 53 kartel biltzen ditu. Erakusketarekin batera, Markos Gimenoren 101 letrakartel liburua aurkeztu da. Erakusketaren komisarioak eta liburuaren egileak Joseba Sarrionaindia eta Esteban Montorio dira. Erakusketa Euskal Herria Museoan, apirilaren 28ra arte, bisitatu ahal izango da.

“Erakusketa Markos Gimenok euskaraz idatzitako palindromoetatik sortutako berrogeita hamar kartel baino gehiagok osatzen dute. Kartel horietako batzuk Markosek berak diseinatu zituen, baina Joseba Sarrionaindiaren lanari esker haren lagun askok eta bertako hogeita hamar artista baino gehiagok palindromo horiek kartel formatuan ilustratzen lagundu nahi izan dute, Markosekiko adiskidetasunari eta haren jenialtasunari egindako omenaldi modukoan. Erakusketak euskararen eta sorkuntza artistikoaren batasuna jasotzen du, hitzak arte bihurtuz.”

Joseba Sarrionaindiak azaldu duenez, “Markos Gimeno ezagunagoa izateko garaia da. Bere bizitzak eta lanak denoi era askotako arloetan interpelatzen gaituela alde batera utzita, kartel palindromiko bakoitzak ezusteko linguistiko bat eta adimen joko bat proposatzen dizkigu. Eta, zalantzarik gabe, euskal komunitate duin, alai eta sortzaileago baten parte sentiarazten gaitu”.

Gimenok ehunka, milaka palindromo asmatu edo eraiki zituen. Joseba Sarrionandiak haietako 101 aukeratu ditu, eta Pamielak argitaratutako liburu batean bildu dira, palindromo bakoitza interpretazio grafiko batekin. Beraz, palindromoaren, irudiaren eta Joseba Sarrionandiaren testuaren arteko narrazio bat da. Lan horretan, Esteban Montorio (Monti) ilustratzailearekin batera, beste asko egongo dira (Jose Antonio Azpilicueta, Unai Iturriaga, Gotzon Garaizabal, Sonia Gonzalez, Roscubas…). Horregatik du izenburuan Letrakartel palindromoa.

Erakusketarekin eta liburuarekin batera hainbat jarduera ere antolatu dira palindromoen gaian sakontzeko, hala nola, musika (Mursegoren kontzertua), graffiti tailerra, Abere ba. ele bele (Bigara) aurkezpen poetiko musikalizatua, etab.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button