IKUS-ENTZUN

Zinebi , Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 60.edizioa aurkeztu dute

Azaroaren 9an igoko du oihala aurtengo edizio berriak, Arriaga Antzokian, 20:00etan, egingo den inaugurazio ekitaldian, eta azaroaren 16ra bitartean, ikus entzunezkoen erakusleiho bihurtuko da Bilbo.

ZINEBI 60k 28 herrialdetako 52 film dakartza aurten, Nazioarteko Lehiaketako Sekzio Ofizialean, beste batzuen artean, Jaialdiko Sari Nagusia eta fikzioa (22), animazioa (11) eta dokumentala (18) onenaren Mikeldiak lortzeko borrokan. Azpimarratzekoak dira estatuko 13 ekoizpen lanak, horietatik sei euskaldunak: Azken otsoa, Iker Maguregi (fikzioa); Cadoul de craciun, Bogdan Muresanu (fikzioa); Ancora lucciole, María Elorza (dokumentala); Amor siempre, Maider Fernández (dokumentala); Il dolce far, Richard Sahagún (dokumentala) eta It is All Right Here, Teresa Sendagorta (dokumentala), hain zuzen ere.

Nazioarteko film laburren artean aipamen berezia merezi dute Marco Bellocchio zinegile ospetsuaren La Lotta Canneseko Jaialdian estreinatutako lana,  Flurin Gigerren Schächer suitzarraren The thief lana, edota Helena Wittmanen Ada Kaleh film labur dokumentalen estreinaldiak.  Halaber, Latinoamerikako atalean ere aurten azpimarragarria da Argentinako, Brasilgo eta Kolonbiako filmen presentzia eta partaidetza zabal eta anitza.

Aipatu behar diren beste lan batzuen artean, João Salavizaren eta Ricardo Alvesen Russa eta Ana Moreiraren Aquaparque (Portugal); Bartzelonako UABeko Dokumental Sortzaile Masterreko azken lanetako baten estreinaldia; Delfina Spratten eta Àlex Puig Rosen Entre raíles, Rezo Cozzaren Las Flores Argentinako fikziozko film laburra; Locarnon saria lortu duen Laura Huertasen El Laberinto, eta Venezian estreinatu berri izan den Zhengfan Yangen Na Li zuzendariaren Down Here, besteak beste.

Azaroaren 16an emango dira jakitera  ZINEBIren palmaresa osatzen duten sariak. Hala,  Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak, Euskal Zinearen Sari Nagusiak, Espainiar Zinearen Sari Nagusiak, fikzio, animazio eta dokumental kategorietako Mikeldiek eta Ikus-entzuleen EiTB Sariak.

Inaugurazio ekitaldiaren aurretik gainera, Bilboko Bailen kaleko “zeru-orratzaren”  fatxadan  Patxi Araujo eta Martin Etxauri aktoreek egingo duten mapping bat osatuko da. Bertan,  irudiak, musikak eta performanceak bat egingo duten instalazio artistiko berezia ondu da, non “ikus-entzuleak inguratuko dituen atmosfera hipnotikoa” sortuz nahi den. Ikuskizuna, 19:00etan inaugurazio ekitaldiaren aurretik izango da, herritarrak jaialdiko edizio berezi honen partaide bilakatzeko xedez.

Berrikuntzak eta bestelako jarduerak ere programatu dira aurtengo edizioan.

Berrikuntza bezala, aurten Jaialdiarekin batera antolatu dituzten bestelako jardueren artean, ZINEBI Networking, dokumentalen sorgunea izeneko lehenengo zine dokumental foro profesionala da. Dagoeneko zabalik dago bertan izena emateko epea eta urriaren 26ra arte egongo da zabalik. Jarduerak, bertako talentua bultzatu eta Euskadiko ekoizpen dokumentala laguntzea du xede.

Berrikuntza dakar aurten euskal zinearen atalak ere. Hala,  azaroaren 10ean, Euskal Zinearen Eguna ospatuko da estreinakoz . Bertan 17:30etik aurrera, Azkuna Zentroko Auditorioan, Sekzio Ofizialean parte hartuko duten Euskadiko sei filmak eskainiko dira eta Arte Ederren Museoan, 20:00etatik egingo den ekitaldi nagusian, Ohorezko Mikeldi Berezia emango zaie euskal zinegile eta beste profesional batzuei.

Euskal Zinearen Eguna gainera, Jose Antonio Sistiagaren (Donostia, 1932) figurari buruzko dokumentalaren estreinaldiarekin osatuko da. Gerra osteko abangoardia historikoak izan zuen artista plastiko garrantzitsuenetakoa. Gainera,  garai horretan Bilboko zinearen protagonista izan zirenetako batzuk omenduko ditu Zinebi 60k, hiriko zine ekoizpenari jarraipena eman zioten bederatzi profesional omenduz.

Aurten gainera hirugarrenez, Zinebi First Film saria emango da.
Bost kontinenteetako zinegile berrien opera primei eskainitako nazioarteko lehiaketaren hirugarren edizioan, bost film lehiatuko dira fikzio, dokumental eta animazio generoko film luzeei zabalik dagoen eta 12.000 euroko saria emango duen Zinebi First Film (ZIFF) sekzioaren barruan.

Emanaldi berezien atalari dagokionez, zinemaldiak, Guadalupe Echevarría komisario izango duen El arte del tiempo bideo zikloa aurkeztuko du, Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian 1968-2018 erakusketarekin batera. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk Museoarekin duen lankidetzarekin ondu du.

Bestetik, mundu osoko emakumeek egindako zinearen eta emakumeek ikus-entzunezko industriako lanbide guztietan duten gero eta presentzia eta lan handiagoaren ikusgaitasuna bultzatzeko xedez, Focus Iranian Women Filmmakers. The present is female! programatu du. Horren helburua Iranen, kontraesankortasunez betetako herrialde estratifikatuko errealitatean sakontzea da eta zikloa, hiru saiok osatuko dute. Horietan 20 film labur eskainiko dira.

Ohorezko Mikeldiak

Aurten Mariano Llinas zinegile argentinarrari emango zaio Ohorezko Mikeldia, zine garaikidearen nazioarteko panorama berritzaileenen artean dagoen zinegilea honen sorkuntzarako talentua eta erradikaltasun estetikoa aintzatetsiz. Gainera, primizian, Llinásek zuzendutako La Flor antes de que fuera La Flor lanaren estreinaldia egingo da, hamarkada batez grabatutako eta ia 14 ordu irauten dituen lana. Filma azaroaren 11, 12 eta 13an eskainiko da Golem  Alhondiga zine-aretoetan. Ohorezko bigarren Mikeldia ostera, Apichatpong Weerasethakul zinegile thailandiarrak eskuratuko du, “sakonera poetiko handia duen eta errealitatea eta fantasia naturaltasunez uztartzen dituen ikus-entzunezko lan zorrotza eta koherentea” omenduz.

Programazio eta informazio osoa zinebi.eus webgunean eskuragarri.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button