ARTEA

“Sute zaharreko ikatzek jokoa mugatzeko balio dute gaur”

Edu Hurtadok Sute zaharreko ikatzek jokoa mugatzeko balio dute gaur izenburuko erakusketa paratu du Bilboko La Taller gunean. Izenburua artistak idatzitako poema baten azken lerroa da. Hurtadoren lana otsailaren 25era arte dago ikusgai.

Erakusketa askotariko objektuekin ondutako lana da, eta erritual, gorputz eta konjuruaren inguruan ardazten da. Horretarako sortzaileak eskultura, marrazkia eta testua uztartzen ditu.

Hurtadoren hitzetan, erakusketan bestelako lan eta proiektuetatik ateratako elementuak biltzen dira. “Eraikuntza formaletik ihes egiten saiatu naiz, intuizioen lurraldean aritzen den horretan oinarritzen saiatu naiz”.

Erabaki horren ondorioz, bisitariak askotariko gauzak ikusiko ditu erakusketan: arropak, apaingarriak, altzariak eta dekorazioko elementuak. Fabrikatutako eta berreskuratutako objektuak daude, haien arteko elkarrizketa sortzeko asmoz.

“Objektuak garrantzitsuak dira. Nahi gabe detektatzen ditudan presentzien gordailu ere badira. Iman baten lez. (…) Nahiago dut hondakinekin lan egin, bertan, hondamenean, zenbait hitz zamalkatzen baitzaizkit. Eskuz egindakoaren gatazka, berriro ere, “bestea” denean egilea”.

Informazio gehiago: lataller.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button