IKUS-ENTZUN

Zinea eta antzerkia, Fas zineklubean

Fas zineklubak emanaldi berezia ondu du gaur Bizitegi elkartearekin lankidetzan. Bilboko elkartea da Bizitegi, eta bazterketa egoeran dauden pertsonekin aritzen da. Bada, gaurko emanaldia berezia izango da, zinea ez ezik, antzezlana ere jasoko baitu.

Hala, An / Sweet Red Bean Paste (Naomi Kawase, 2015, Japonia) pelikulaz gainera, Zenbatu taldearen antzezlana ere izango da ikusgai. Bakardadearen inguruan ardazten da Zenbaturen obra. Hitzordua ohikoa izango da, Indautxu plazan dagoen El Carmen aretoan, 19:45ean.

Filmaren harira, An / Sweet Red Bean Paste (Naomi Kawase, 2015, Japonia) Durian Sukegawa autorearen izen bereko liburuan oinarrituta dago, eta Sentaroren istorioa kontatzen du. Okindegi txiki baten jabe da Sentaro. Tokue atsoaren laguntza onartu beharko du okinak, gogo txarrez. Halere, Sentarok sekulako sorpresa hartuko du Tokuek sukaldean erakutsitako gaitasun izugarriarekin, bere eskuekin magia egiteko baita.

Bilboko zineklubaren arabera, “Kawaseren poesiak bustitzen ditu fotograma guztiak. Zinemagile honen kutsu pertsonala eta bakarrak ipuin hau delicatessen bihurtuko du. Pertsonaien zauri sakonek gizakion hauskortasuna agerian utziko dute”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button