MUSIKA

Usopop jaialdia, soinu kaleidoskopioa

Usopop jaialdiaren 9. edizioa asteburuan egingo da, Lizarrietan, larunbatean, eta Santa Katalina kaperan, igandean.

Larunbatean, Lizarrietan, hauexek joko dute: Frustration, “kultuzko taldea”; Willis Drummond, “rock indartsua”; DBFC, “erritmo  dantzagarriak”; Lumi, “doinu onirikoak”; François Atlas & Bostgehio, “pop momentu sentikorra”, eta Bilaka  konpaniaren Soka lan “ikusgarria”. Azkenik, Coconut disko jartzaileak ariotuko dira.

Lehenengo egun horretan, Frustration Paris hiriko post-punk eta new wave taldearen proposamena azpimarragarria da. Frantziarrek 2008an argitaratu zuten Relax estreinako lan luzea, aurretik single eta EPak baino ez zituzten plazaratu. Disko horrek oso harrera ona izan zuen Europako eta AEBetako garage-punk eszenatan. 2013an, Uncivilized kaleratu zuten, eta harrezkeroztik, bost grabazio gehiago plazaratu dituzte, azkena Empires of shame lan luzea, 2016an.

Halaber, igandean, Santa Katalinan, ondokoak izango dira oholtzan: DJ Coconut; Gratuit, tuba eta laptop; Orbel, post-rock eta ambient; eta Maria Arnal i Marcel Bages.

Maria Arnal I Marcel Bagés  bikote katalanak disko bakarra argitaratu du, 45 Cerebros y 1 Corazón, baina sekulako harrera ona izan du. Grabazioan folklorea, pop elektronikoa, fonotekako artxiboak, landa-grabazioak eta hitz poetiko eta kritikoak biltzen dira. Hala, 2016an, bikote katalanaren lana laudatuenetarikoa izan zen. Aipatutako diskoaz gainera, iraupen laburreko beste bi disko dituzte: Verbena eta Remescles, Acoples I Melismes.  Bikotearen unibertsoan askotariko sortzaileen eraginak biltzen dira: Kate Tempest musikaria, Lewis Carroll idazlea, Alan Moore komiki-gidoilaria, Arca, Bjork musikariaren ekoizlea edo Alan Lomax etnomusikologoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button