MUSIKA

Datorren abuztuan musikaz blai

Euskal Herriko jazz jaialdiak dagoeneko atzean utzi ditugun arren, musika nonahi entzungo ahalko uda osoan jaietako txosna, gaztetxe zein aretoetan. Hala, proposamen batzuk bildu ditugu abuztuan goza ditzazuen.

Hasteko, abuztuaren 3an eta 4an Bakio Sound jaialdia egingo dute Bizkaiko kostaldeko herri horretan. Lehenengo egunean Pettik eta Olaia Aretxabaletak joko dute eta bigarrenean berriz, Belako, Wilhelm & The Dancing Animals, Señores eta Joseba Irazoki musikariek.

Era berean, abuztuaren 3an, baina Gasteizen, The New York Ska-Jazz Ensemble talde estatubatuarrak joko du Uda Place egitarauaren baitan, eta abuztuaren 4an Donostian Jon Mantxi & Mattin eta Billy Bao izango dira Artelkun AMMMRB#III izeneko jaialdi esperimentalaren barruan.

Abuztuaren 5ean, halaber, reggae kontzertu interesgarria izango da Donostiako Guardetxean, 19:00etan. Orotara sei artista izango dira oholtzan: Jamaikako Chezidek, Frantziako Irie Ites Sound, AEB eta Frantziako musikariz osaturiko Jr Yellam eta Euskal Herriko Ras Lujah, A-Rasta-k Sound eta Revolutionary Brothers.

Gasteizko jaietan ere kontzertu interesgarriak izango dira Txosnagunean, hala nola, Kokein eta Zea Mays (abuztuak 3), Submision City Blues, Müturbeltz eta Capsula (abuztuak 5) eta Bad Manners eta Makala (abuztuak 8).

Zea Mays, halaber, Donostiako jaietan ere izango da abuztuaren 11n Doctor Deseorekin batera. Biharamunean, abuztuak 12, Esne Beltzak joko du. Kontzertuok Saguesen izango dira. Abuztuaren 17an, Ken Zazpi eta Anai Arrebak ere izango dira Donostian.

Bestalde, abuztuaren 18an Bilboko Aste Nagusia hasiko da eta Kafe Antzokiak egitarau berezia ondu du aste parrandero horretarako. Hala, lehendabiziko egun horretan Ana Curra Paralisis Permanente taldeko musikari ohiak Madrileko talde ezagun horren El Acto diskoa aurkeztuko du zuzenean. Abuztuaren 24an eta 25ean ere bi hitzordu dantzagarriak izango dira. Hala, 24an El Columpio Asesino eta Belako izango dira Kafe Antzokiko agertokian indie doinuak zabaltzen eta 25ean berriz, Travellin’ Brothers eta Los Mambo Jambok 50eko hamarkadako rhythm and blues doinuak birrinduko dituzte.
Ruper Ordorikak ere joko du abuztuaren 19an Abandoibarran eta 20an AEBetako Public Enemy rap aitzindariak izango dira Karola gunean. Horietaz gain, gogoratu Bilborocken tokiko taldeen erakusketa izango dela egunero, 20:00etan.

Horiek guztiak eta beste hainbat izango dira entzungai Euskal Herrian abuztuan.

Aupa!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button