BESTELAKOAK

“Zilar Astea” aste tematikoa Durangon

Zilar Astea, Durangon urtean behin antolatuko den aste tematikoa da. Ardatz jakin bat hartzen da, euskarazko kulturgintzan zer eman duen aztertzeko eta plazaratzeko. Ardatz hori gai bat izan daiteke (sexua, inmigrazioa, hiria, zahartzaroa…), autore bat izan daiteke (Atxaga, Oteiza, Amuriza…), edo data edo gertakari bat ere izan daiteke (Inkisizioa Durangaldean, Durangoko bonbardaketa, 80. urteak Durangon…).
Beste aldetik, diziplinartekotasuna lantzen da, euskarazko kulturaren adierazpide ezberdinetan gai horrek izan duen trataera landuz eta adierazpide horietan diharduten artistak elkartuz. Eta herri-kulturgintza ere lantzen da, Durango osoko talde eta guneekin zein Euskal Herri osoko eragile eta artistekin.

Aurten hausnarketarako gaia “Durangoko herri- eta kultur-bizitza 80ko hamarkadan” izango da. Plateruenatik bidali diguten oharrean aurtengo gai zergatik aukeratu den azaltzen da: “Urte esanguratsuak izan ziren 80ko hamarkadakoak Euskal Herrian. Urte gorabeheratsuak politika zein gizarte arloan. Ez bakarrik Euskal Herrian oro har; Durangon bertan ere bai. Ez bakarrik politika eta gizarte arloan; kultura arloan ere bai. Literatur aldizkariak, antzerkigintza, rock taldeak, euskarazko zinemaren hastapenak… garai sortzaileak izan ziren. Okupazioa, irrati libreak, auzo elkarteak, alfabetatze euskalduntze mugimendua… garai eraikitzaileak izan ziren. Urte haiek gogoratu gura ditugu. Zehatzago esanda, ezagutu eta biziberritu egin gura ditugu. Ordukoen ahotik, gaurko begiekin.”Ç

Horretarako hauxe atondu dute: Apirilaren 12an, mahai-ingurua 80ko hamarkadako Euskal Herriari buruz, 20:00etan, Plateruenean.
Parte-hartzaileak: Josu Zabala (Hertzainak taldeko kidea), Mario Zubiaga (soziologoa) eta Idoia Eizmendi (Bilboko Gazetxeko kidea); Jonan Hernandez (bideratzailea).
Apirilaren 14an, (Za)patuek ikuskizuna, Plateruenean.
Apirilaren 15ean, Durango 80 dokumentalaren aurkezpena, 22:00etan, San Agustin kulturgunean. Gidoia Unai Iturriagak egin du.
Apirilaren 16an, Literatur Eskolan, Punk mugimendua eta garaiko literatura gaia jorratuko du Juan Luis Zabalak.
Hala eta guztiz ere, bihar bertan dagokion aurkezpena egingo dute Plateruenan, goizeko 11:00etan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button