Nontzeberri

“Zero Azpitik” arte lantegia, Huarte Zentroan

Arte sorkuntza eta transmisioa praktikan jartzen dituen Zero Azpitik arte lantegietan izena emateko epea zabaldu da Huarte Zentroan.

Zentroak zazpi lantegi proposatzen ditu aurtengo edizioan, diziplina ezberdinetako sorkuntza lantzea eta ikertzea helburu dela. Hala, gorputzetik, teknologikotik, materialetik, testualetik, soinutik edo ikusizkoetatik abiatuz, egun artearen eszenako profesionalen eskutik, 15 orduko saioak eskainiko dira teoria eta praktika uztartuz.

Risografiaren lantegiak emango dio hasiera egitarauari, azaroaren 4tik 7ra. Mari Campistron izango da arduraduna eta bertan, kolorearekin esperimentatuko da, inprimaketa risografikoan geruzak sortzeko modu desberdinak ikasiz.

Abenduaren 16tik 19ra, aldiz, Carlos Irijalbaren eskutik, Ekoizpena eta egokitasuna praktika artistikoan eskainiko da, “materiaren egoera erlatiboen eta, bizigabe eta biziaren arteko dinamika paraleloen ideian” sakontzen duena.

Eta urtarriletik maiatzera bitartean antolatu dituzten tailerren eskaintza ere zabala da: etnografia eta landa-azterketa ikerketa metodo eta estrategia gisa erabiltzen diren  Catabasis lantegia (urtarrilean); gaur egungo landa-ingurunean diharduten gizarte eta lurraldeetako dinamiken inguruan kultura-ekoizpenak egiten duen paperari buruzko azterketa kritikoko Heterotopiak tailerra (otsailean); Punto de Vista Festibalarekin antolatutako tailer praktiko bat (martxoan); eskulturaren ezaugarri eta gai bereziak azalduko diren Zona Franca (martxoa-apirila); edota lantegi-topaketa gisa proposatzen den Etxea (Iparra), elkarrekin eraiki eta hitz egiteko ideiari buruzko gorputz-entrenamendua proposatzen duena (maiatza).

Tailerrak ikasturtean zehar egingo diren saio multzo gisa proposatzen dira eta zentroaren programazioaren ildoaren pare joango dira, “bata, bestearen diskurtso, ideia eta formakuntza prozesuan sortu daitezkeen harremanekin elkar kutsatuz”.

Programak edozein diziplinatako artistei, edo egiteko modu propioak aurkitu nahi dituen pertsonei zuzenduta daude, eta izen-ematea zabalik dago datorren urriaren 28ra bitartean. Gainera, lantegi bakarrean, batzuetan edo guztietan izena ematea posible da.

Horretarako eta gainerako informazio guztirako, jo ezazue Huarte Zentroa webgunera

Exit mobile version