MUSIKA

Mikel Urdangarinek “Margolaria” argitaratu du

Duela bi urte, bakarka aurkeztutako diskoa plazaratu ostean, Mikel Urdangarin talde oso baten laguntzaz aritu da estudioan Margolaria sortzeko asmoz. Elkar argitaratzailearen arabera, “disko hurbil, eskuzabal eta sendoa” da.

Diskoak hamar kantu biltzen ditu, guztiak musikari bizkaitarrak idatziak. Hamar doinu horietako zazpik, gainera, Urdangarinen hitzak gordetzen dituzte. Gainerako hiruretatik bi Gerardo Markuleta idazlearen bi olerki dira, Itsasoan euria eta Dena nire baitako; hirugarrena, berriz, Xabier Amurizaren testua da, Imanol abeslariak zabaldutako Mendian gora abestikoa, hain justu.

Urdangarin ondoko musikariez inguratu da lan hau gauzatzeko: Angel Celada (bateria), Jon Cañaveras (baxua), Koldo Uriarte (pianoa eta teklatua), Rafa Rueda (gitarra) eta Nika Bitchiasvili (biolina). Horretaz gainera, diskoaren diseinua Alain Urrutia pintoreak egin du.

Diskoa 2017ko urtarrilean grabatu zen Elkar Estudioetan, Victor Sanchez teknikariaren gidaritzapean; Sanchez bera eta Urdangarin arduratu dira ekoizpenaz. “Lan berri honek, bukatzeko, gizakume arruntaren bizitza libre eta ederra kantatu nahi du, zintzotasunez, ilunpetan darabilen arrastoari argia ekarriz”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button