LITERATURA

Zentsura eta literatura

Udako Ikastaroen baitan Zentsura eta literatura: memoria eztabaidatuak izeneko kongresua ospatuko da, Miramar Jauregian , ekainaren 21-22an, eta Mari Jose Olaziregi eta Lourdes Otaegi irakasleen zuzendaritzapean ardaztuko da.

Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) EHUren ikerketa taldeak jakinarazi digunez, “gai zentralak literatura eta zentsura izango dira, baina baita beste arte diziplina batzuk ere. Kongresua irakasle, ikasle, ikertzaile zein sortzaileei bideratua dago, eta euskal ikertzaileak zein nazioartekoak bilduko ditu.”

Kongresuan bertan ere, Joan Mari Torrealdairi omenaldia egingo  zaio. Torrealdai da zentsurak euskal kulturgintzan izandako eragina aztertu duen ikertzaile nagusia (Artaziak, La censura de Franco y los escritores vascos del 98, etab.), eta horren kariaz, zentsuraren gaineko ikerketen ikuspegi berriak ekarriko dira egun horietan.

Biltzarreko jarduerekin batera MHLI ikertaldeak Debekatuak baina ez ahaztuak izeneko erakusketa paratuko du Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Ekainaren 20an zabalduko da KM Kulturunearen lehen solairuan, eta zentsuraren eta euskal kulturgintzaren arteko harremanen hainbat puntutan jarriko du fokua.

Kongresuari eta erakusketari buruzko xehetasun guztiak, datorren astean jakinaraziko dituzte prentsaurreko batean. Halarik ere, kongresuaren inguruko informazio xeheagoa hemen topa dezakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button