BESTELAKOAK

“Sortuko dira besteak” kontzertu bira berria

Joan den urtean, Xabier Lete Gogoan bira arrakastatsuan bildu ziren hainbat kantari, zendu berria zen idazle oparoari behar bezalako omenaldia egiteko.  Gaur goizean, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrietak eta Bernardo Atxagak, besteak beste, aurkeztu duten ikuskizun berriaren kimua izan zen hura.

Sortuko dira besteak honetarako, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Alex Sardui, Petti, Arantxa Irazusta, Pier Paul Berzaitz, Bernardo Atxaga eta Amets Arzallusek hartuko dute parte. Alde batetik panorama musikaleko ahots esanguratsuak  bildu dira kontzertu kolektibo batean, eta bertsolari eta literato onenak ere bai.

Elgetan azaroaren 25ean ikusi ahalko bada ere, lehen aurkezpena Arriaga Antzokian izango da, abenduaren 1ean, 20:00etan. Gero, Gasteizen (Principal Antzokia, abenduak 15) eta Donostian (Kursaal, abenduak 22) ere entzun ahalko dira Euskal Herriko kanta enblematikoen eta nazioarteko ederrenak euskaraz moldatuak, besteren artean Jacques Brel, Leonard Cohen, Pablo Milanés, Loreena McKennitt eta Rolling Stonesen kantuak.

Musika zuzendaritzaz arduratuko den Joxan Goikoetxeak adierazi duen bezala, “laborategi txiki bat izango da ikuskizuna, non musikariak transbersalitatean arituko diren, esperimentatzen, bikoteka, hirunaka, bi ordu luzez”.

Eñaut Elorrieta musikariak bere aldetik esan du, “elkargune berezia da hau, musikarien elkargunea, eta horregatik oso esperientzia aberatsa da. Gainera, oso motibagarria da beste kantariekin taula gainean egotea, sormen berriak eman daitezkeelako, izan ere, gune hau esperimentatzeko ere balio du eta sortzailea sentitzen naizenez, sorkuntzak plazaratzeko toki ederra da”.

Antzeko zerbait esan du Mikel Urdangarinek, “oso topaketa intentsua atera da, gero eta sendoagoa ikusi dudana. Gozagarria izan da eurekin kantatzea”.

Kantariekin batera, Amets Arzallus bertsolariak eta Bernardo Atxaga idazleak honetarako propio egindako testu argitaragabeak errezitatuko dituzte emanaldian. Honen harira Bernardok aipatu du kantaren balio ikaragarria,  “memoriarako tresnarik onena kanta da, eta Euskal Herriak bere kantuak sortu behar ditu, izan behar ditu. Horregatik hemen egingo den ahalegina estimatzekoa izango da”.

Kalitate goreneko artistak bilduko dira, beraz, Sortuko dira besteak ekitaldian, poz handia transmititzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button