ESZENA

“Zazpi Senideko” antzezlana, Arriaga Antzokian

Zazpi Senideko antzezlana Arriaga Antzokira helduko da datorren astean. Urtarrilaren 7an eta 8an eskainiko dira emanaldiak, 19:30etatik aurrera. Obra hori Agertoki Espazioa izenekoaren barruan eskainiko da, hau da, formatu txikian. Ander Lipus da zuzendaria eta Fuchs anaiak, Ximun eta Manex, antzezleak.

Anaitasunaren kontzeptuaren inguruan ardaztu da lana, baina, “zeri deitzen diogu anaitasuna? Odolari? Laguntasun deskriba ezin horri? Elkartasunaren sinbolo sendoenari? Gainera, anaitasunaren aurpegi kontraesankorrak kontatzeko, lagun ezberdinek obra honen zati bat edo fragmento bat zirriborratzen dute, testigantza modura. Horrela, Lander Garro, Gaizka Sarasola, Lorentxa Beyrie, Aitzaro Arano, Argi Perurena, Unai Iturriaga eta Eñaut Castagnet dira antzezlanari ekarpena egiten diotenak. Fragmentazioa dela medio, bizi puskak kontatzen dituzte, estilo eta euskalki ezberdinetan. Ahots ezberdinetatik mintzatuko dira pertsonaiak, izan gizon ala emakume, gazte ala heldu, bizi ala hildako. Hausturak eramango du antzerkiaren erritmoa, bizian gertatzen diren istripuen irudikapen bat bezala”.

Zazpi Senideko antzezlanean hiru lan handiren aztarna suma daiteke: Dostoievskiren Karamazov Anaiak eleberria, Atxagaren Bi Anai eleberria eta Thomas Vinterbergen Submarino filma. Hiruretan, protagonismoa anaitasunak hartzen du eta haren bidetik fedea, zalantza, arrazoia, traizioa, natura, gizatasuna eta lotura korapilatsuak lantzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button