MUSIKA

Joseba Sarrionandia eta Ines Osinaga Arriaga Antzokian

“Olatu arteko txalupa arraroa”, musika eta literatura uztartzen dituen emanaldia eskainiko da gaur, urriak 17an, 19:30etatik aurrera, Bilboko Arriaga Antzokian. Joseba Sarrionandiak Kuban sortutako testuak Ines Osinagak (Gose) musikaz jantziko ditu ikuskizunean.

Gosariak proiektutik abiatutako ikuskizuna da, Joseba Sarrionandiak duela ia hamar urte Kuban sortutako hitzei Gose taldeko Ines Osinagak segida musikatua eman ondoren. Orain, idazlea Euskal Herrian dela, letra horien jatorria eta zergatia azalduko ditu Sarrik Osinagaren musikaz lagunduta.

“Olatu arteko txalupa arraroa” emanaldiak dozena bat testu biltzen ditu. Bidaia luzeko kantuak dira, edo, hobeto esanda, kantuak dira bidaia. Izan ere, Habanan sortutako testuak, Atlantikoa zeharkatu eta Euskal Herrira heldu ziren “eskuz esku, konplizez konplize, sekretu bat konpartitzen dutenen artean sortzen den zirrara hori lagun”.

Testuak Habanan jaio eta Euskal Herrian hazi ziren kantu bilakatzeko. Orain, urteak pasa direla, kantuak hartu dituzte berriro esku artean, Arriaga Antzokiko foyerrak eskaintzen duen giro intimistan dastatzera emateko.

Bilboko Udaleko Euskara Sailak bultzatutako Literatura eta Musika Euskaraz zikloaren baitan denboraldi honetako aurreneko emanaldia izango da. Sarrerak eta  xehetasun guztiak dituzue teatroarriaga.eus webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button