EZLEKUBAT

Shakespeareren emakumeak

Uda ia edozer gauzetarako eskenatokirik onena izaten da; eskenatokiak ia edozer gauzaren sintesi ona izaten dira. Uda iritsita festibalak ugaltzen dira, sarrerak, tiketak eta motxilak harturik korrika ateratzen zara, bi aldeetara begiratuta, atzera begiratu gabe…

… baina hori lehen gertatzen zen; orain bat-bateko jarduna aktore beterano edota bertsolarientzat  uzten dugu; guk, aldiz, egitarauak berrirakurtzen ditugu gure baldintza guztiek (dirua, egun libreak, haurrak norekin utzi lotu…) margotutako dadoak airean botatzen ditugu eta voilà! senaz hartutako erabakiarekin martxan jartzen gara.

Uztailaren 15ean, 22:00etan, Erriberriko Antzerki Klasikoaren XII. edizioa, gazteluaren aurreko harmailak; aurrean jesarrita dagoen emakumeak jarrera erosoa topatzen badu, ilea mototsean biltzen badu eta mugitzen ez bada, nik ere, mugitu gabe, “Mujeres de Shakespeare” ikusiko dut.

Rafael Álvarez El Brujo-k, bibolin jolea aurkezten digu, gau osorako haizea iragartzen digu eta ia barkamena eskatzen du gaurko gaiaren hautaketaren inspirazioa Karibeko emakumeengan topatzeagatik. Rosalinda ( Love´s Labour´s Lost), Catalina (The taming of the shrew), Beatriz (Much ado about nothing)eta Julieta (Romeo and Juliet). Bata zorrotza, bestea errebeldea, hirugarrena ironikoa eta azkena bakuna. Antzezlan korapilatsu eta konplexuetan murgilduta ere, emakume hauek ezin gardenagoak izaten dira. Heroien nartzisismoaren aurrean, emakume hauek lasterbideak bilatu eta asmatu egiten dituzte, ihes egiteko, ezkutatzeko, kokatzeko, gainontzeko begiradetatik  at erabaki ahal izateko. Shakespearek, bere testuetako gizonek beraien akatsak eta bertuteak era desenfokatu batean ikusteko ispilu bilakatu nahi ditu. Emakumeak errealitatearekiko aingurak bihurtzen ditu, bere gizonek zuten gabezia gaindituz, hain zuzen.

Beatriz eta Catalina nire begikoenak dira. Ausartak eta graziosoak dira, ezagutzea gustatuko litzaidakeen Shakespeare bezalakoak, El Brujo bezalakoak. Rosalinda barrokoegia da eta askotan ez dut ulertzen; Julieta erromantikoa da nazkatzeraino eta ez dut inondik inora ere ulertzen.

El Brujok testua ahaztu egiten zuela zirudienean bibolin joleak notak ateratzen zituen. Momentu borobilak txiste errezak eta bistakoa azaltzeko ahalegin baboekin nahastu egiten ziren. Iluntasunak eta kandelak irristadak leuntzen zituzten. El Brujok Shakespeari aurrez-aurre hitz egiteko gaitasuna dauka, Harold Bloom bezain marijakintsu iruditu gabe. Pena publikoarengana beti era berean ez zuzentzea.

Ondorengo egunetan argitaratutako elkarrizketak irakurri nituen. Kazetarientzat emakumeek izaki exotikoak izaten segitzen dute. “Zer daukate komunean Shakespeareren emakumeek gaur egunekoekin?” Guztiekin?! Duela urte batzuk El Brujoren “De pícaros y místicos” ikusi nuen, orduan inork ez zion galdetu gaurko mistikoez. Eta egon, badira. Emakumeek ikertzeko gaia izaten segitzen dute, baina beti ere pertsonai edo ikono gisa, oso gutxitan egile, antzerkigile edo monologista gisa. El Brujok oraingoan ez zuen majiarik egin bere hitzekin… baina bere “embrujo”-k bizirik dirau; datorren urtean berriz dadoak botako ditugu bere alde eroriko direlakoan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button