EZLEKUBAT

Zazkel: “Pop estiloa jorratzen dugu nagusiki, eta euskaraz”

Zazkel taldea Azkue Fundazioak antolatutako BANDEN LEHIAn finalista lotu zen. Maiatzean lehen disko homonimoa grabatu zuten, eta zenbait arrazoiengatik, orain, azaro honetan (17an) lanaren presentazio ofiziala egingo dute. 2012 inguruan, Bilbon, sei lagun batu ziren behingoz buruan zuten ideia aurrera eramateko: gitarra, bateria, baxu, teklatu eta ahotsen bitartez euskal musikari ekarpen berri bat egitea. Eurekin izan gara proiektua zertan den jakiteko.

Ez zarete oso talde ezaguna. Non eta sortu zen Zazkel? Nortzuk osatzen duzue?

2012 urtea aldera, Etxahun eta Asierrek aspalditik zeukaten ideia bateri forma eman eta taldea osatu zuten Axierito, Irati, Tolo eta Txoskekin batera, auzoko eta unibertsitateko lagunak zirenak.  Hala ere ibilbide publiko oso labur bat daukagu, 2015 urtearen hasieran grabatu baikenuen gure lehenengo maketa, eta aurten, 2016an, gure lehenengo diskoa grabatu dugu. Apurka apurka, jendeak gero eta gehiago ezagutzen gaitu, irrati saio batean edo bestean gure musika entzuten da inoiz; hala ere, talde asko dago gaur egun, konpetentzia handia, eta mediotan espazio bat izatea ez da erreza, are gehiago EHko musika eszenaren taldeak kontutan edukitzen baditugu. 

Ibilbide oso luzea ez baduzue ere, musikaren munduan argi duzue zer egin nahi duzue.

Espazio bat sumatzen genuen euskal musikan, guk oso gustuko dugun musikak bete zezakeena. Nahiz eta gaur egun medio handiagoak izan, 80ko hamarkadan euskal musikan aniztasun handiago bat zegoela uste genuen. Nolabait, garai horietan atzerriko musika ekarpen handia zegoen. Guk ekarpen horietara bueltatu nahi dugu. Azken finean gustuko ditugun musika estiloak lantzen ditugu, eta horiek euskal eszenan zabaltzea daukagu helburu garbia. Serio hartzen dugu proiektu hau, baina disfrutatzeaz ahaztu gabe, hori baita gure helburu nagusia. 

“Euskal Pop Erradikala” aldarrikatzen duzuela aitortu duzue. Zer esan nahi du horrek?

Hitz jokoa besterik ez da, baina Pop estiloa jorratzen dugu nagusiki, eta euskaraz. Eta gure letretan mezuren bat islatu nahi izaten dugu ere, soziala, politikoa. Askotan, horrelako mezuak punk estiloarekin lotzen dira adibidez, baina ez da zertan horrela izan. Termino horrek oso ondo laburtzen du taldeak duen nahia, eta zergatik ez, Euskal Herrian hain garrantzitsua izan zen musika mugimendu bateri erreferentzia egiten dio nolabait.

Zein dira zuen estiloaren parametroak? Zer topatuko entzule batek Zazkel taldean?

Esan bezala, gustuko ditugun estilo ezberdinak lantzen ditugu, eta aniztasun handia topatu daiteke gure diskoan. 80ko Hamarkadako Synth Pop musika topatu daitezke adibidez Eri kantan, segidan Chic taldeak lantzen zuen Disco-Funk-era pasatzeko, Afrobeat kutsua duen ZTD… Diskoa, entzun ahala, entzuleak toke ezberdin horiek topatuko ditu hamar kantetan nahastuta. Eta garrantzitsua dena, dantzan egiteko musika eskaintzen dugu gehienbat.

Duela urte pare bat zuen lehen lanak argitaratu dituzue. Nolakoak izan ziren?

Maketa grabatzea erronka handia izan zen. Gure lana gure lagunen artean zabaldu nahi genuen, eta bost kantu propio genituela, maketa entsegu lokalean grabatu genuen, Raulen (Axieritoren anaia) laguntzaz. Maketak harrera ona izan zuen lagunen artean eta urtebete geroago saltotxo bat eman eta diskoa modu profesional batean grabatzea erabaki genuen, Kaki Arkarazoren eskutik. Oso esperientzia aberasgarria izan zen, taldekide batzuentzako estudioan lehenengo aldia izan zen gainera. Orain diskoa zabaltzen ari delarik, oso kritika onak jasotzen ari gara, eta orain lan hori eszenatokietan defendatzea da gure ardura nagusia. 

Zein izan da urte honetan egin duzuen azken proposamen musikala?

Publikoa mugiarazi nahi dugu gure zuzenekoetan eta hori da gure proposamen nagusia. Estilo ezberdinak proposatzen ditugu bai, baina denek daukate helburu publikoa geldirik ez egotea, eta abesten egotea. Adibidez, koru asko sartzen ditugu, abestiak ezagutzen ez dituzten pertsonak kantatzera animatzen dituztenak. Ezin dugu esan ezer asmatu dugunik,  baina aniztasun handiko proposamena eskaintzen dugula uste dugu, gaur egun Euskal Herriko talde nagusiek eskaintzen ez dutena, gure ustetan beti ere.

Kontzertu garrantzitsuak egitekotan zaudete, ezta?

Bada oraintsu gure diskoaren aurkezpen ofiziala egingo dugu, Bilboko alde-zaharrean. Honekin taldea medioetan ezagutarazi nahi dugu, baina aldi berean, hurbiltzen den pertsona orori kontzertu bat eskaini nahi diogu. Ilusio handia egiten digu. Bestalde, hile honen amaieran (azaroan), Banden Lehiaren 2016edizioko finalean defendatuko dugu, beste hiru musika talderen aurrean. Kasu honetan epai-mahaiak aukeratu gaitu finalean egoteko eta poz handiz hartu dugu berri hau, gure lana gustuko den seinale. Erreza ez den arren, gure bertsiorik onena eman eta finala irabaztea espero dugu. Horretarako, zuen laguntza behar izango dugu twitter bidez!

 

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button