MUSIKA

Zazkel, dantzarako bolbora

Zazkel taldea Azkue Fundazioak antolatutako Banden Lehia ekimenaren zortzigarren edizioko finalista lotu zen. Bada, gaur, garaipen horren saria aurkeztu du taldeak, Ez Entzun (Baga Biga) taldearen bigarren diskoa.

Etxaun Arregik (gitarra eta ahotsa) eta Irati Arregik (ahotsa) parte hartu dute aurkezpen ekitaldian. Diskoa “erronka” izan da taldearentzat, presaka idatzi eta grabatu behar izan baitu. “Lehenengo diskoa egiteko lau urte eman genituen. Helbururik gabe, natural aritu ginen, baina oraingoan urte erdia izan dugu egiteko; beraz, emaitza ezberdina da”, esan du Etxaunek. “Lan helduagoa da, presiopean aritzeak, gainera, ez du esan nahi lan txarragoa egingo duzunik, lana baita giltzarria; sormena ere lana da”, gaineratu du Iratik.

Desberdintasun azpimarragarriena giro aldaketarena da, dantzarako talde izaki, oraingoan tarte ilunagoak nabaritzen baitira. “The Smiths, The Cure eta antzeko talde ingeles asko entzun ditut azken boladan, bai eta Talking Heads ere, zeina sekulako deskubrimendua izan den”. Hala, diskoan kantu dantzagarriak, Bazka ederra, eta itzaltsuagoak tartekatzen dira, Infernuko atean, Hertzainak taldearen bertsioa. Hitza, bestalde, kritikoak dira, azidoak.

Diskoa Kaki Arkarazok grabatu, nahastu eta masterizatu du, eta Arkarazo aritutako M-ak taldearen itzala azpimarragarria da, bai eta Jotakie bandarena ere. “AEBetako musikatik edaten dugu, batez ere 1980ko hamarkadako funk eta disco erritmoetatik, tartean, Kool & The Gang, baina baita Ingalaterrako musikatik ere”, azaldu du Etxaunek.

Zazkelen metraila dantzagarria definitzeko taldekideek Euskal Pop Erradikala etiketa erabili ohi dute umoretsu. “Hitz jokoa besterik ez da, baina Pop estiloa jorratzen dugu nagusiki, eta euskaraz. Eta gure letretan mezuren bat islatu nahi izaten dugu ere, soziala, politikoa. Askotan, horrelako mezuak punk estiloarekin lotzen dira adibidez, baina ez da zertan horrela izan. Termino horrek oso ondo laburtzen du taldeak duen nahia, eta zergatik ez, Euskal Herrian hain garrantzitsua izan zen musika mugimendu bateri erreferentzia egiten dio nolabait”. Lehen diskoaren harira, Nontzeberrik elkarrizketa egin zion taldeari. Elkarrizketa osoa irakur dezakezue.

Banden Lehia, martxan

Bestalde, Azkue Fundazioak Banden Lehiaren edizio berria abiatu du, bederatzigarrena. “Banden Lehiak, euskara, musika eta teknologia lotzen ditu. Eta horrela, hirugarren osagai honek, teknologiak, garrantzi handia dauka garapenean. Izan ere, musika taldeen izen ematea eta publikoaren botoak jasotzeko aukera internet bidez burutzen da”.

Talde irabazleak sari hauek jasoko ditu: Baga-Biga diskoetxearekin disko bat ekoizte; 2018ko Bilbao BBK Live jaialdian eta  2018ko Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdian jotzea eta lehiaketako 2017eko edizioko disko bilduma oroigarrian parte hartzea. “Azkue Fundazioak lau finalisten kanten disko bilduma oroigarria ekoiztuko du eta finala egunean banatuko du”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button