MUSIKA

Jai zubirako hitzordu musikalak

Bihar hasiko den lau eguneko asteburu luze honetarako zenbait zita musikal nabarmenduko ditugu. Hala, gaur bertan, Bilboko Kafe Antzokian New York hiriko Devil Dogs punk-and-roll hirukoteak joko du. 90eko hamarkadan egin zuen talde honek bere ibilbidea Crypt Records zigiluarekin argitaraturiko diskoak tarteko.

Gaur, halaber, beste kontzertu bat ere izango da Deustuko Gazte Lokalean: YAW (hardcore-noise, Donosotia) eta Viva Bazooka (Post-hardcore instrumentala, Gasteiz). Horretaz gainera, The Samhain Fest izeneko jaialdia ere izango da Erandion zabaldu berri den Sonora aretoan. Bertan, abangoardiako hard rock undergrounda jotzen duten bost talde izango dira: Barn Owl eta Monarch estatubatuarrak, Your Highness belgikarrak eta Cuzo espainiarrak, eta Erroma euskaldunak.

Bihar ere, azaroak 1, kontzertu interesgarria izango da areto horretan. Dan Baird AEBetako Georgia Satellites rock taldeko liderra agertokian izango da Homemade Sin bere taldearen laguntzarekin. Kontzertu horretan, gainera, Mother Superior taldeko Jim Wilson ere izango da.

Ostiralean ere, azaroak 2, emanaldi aipagarria izango da Bilbon. Izan ere, Sonic Trash talde bilbotarrak Cancer Moon talde mitikoaren kantuak moldatuko ditu Teatro Camposen Cupula aretoan Izar & Star zikloaren hirugarren edizioaren baitan.

Donostiari dagokionez, hiru kontzertu nabarmenduko ditugu, hirurak Le Bukowski tabernan izango dira: ostegunean, azaroak 1, Allo Darlin Londreseko pop taldeak joko du; ostiralean, azaroak 2, AEBetako Carlon Melton (Zen Guerrillako musikari ohiekin) eta Pow Pow Pows (Mermaid, Green Manalishi eta Basque Country Pharaons taldeetako kideekin). Azkenik, azaroaren 3an, larunbata, Ian Svenoniusek (Make Up eta Nation of Ulysses) gidaturiko Chain and the Gang taldeak joko du.

Biarritzen ere beste kontzertu entzungarri bat izango da ostiralean, azaroak 2, Atabal aretoan. Bertan, Joseba Irazoki eta Jupiter Jon izango dira, biak ala biak Beidehuts kolektiboko kideak.

Egun berean, baina Irurtzuneko kiroldegian Pikurock X. Gazte Jaialdia egingo da. Berri Txarrak, Su Ta Gar, Bizardunak, Tximeleta, Dj Bull eta Dj Jo ta Txo izango dira agertokian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button