ARTEA

“Zaratak, ironiak eta bestelako hausnarketa partekatuak”, erakusketa Leioan

Ana Aldana eta Julio Hernandez artisten  Zaratak, ironiak eta bestelako hausnarketa partekatuak proiektuaren erakusketaren ateak zabalduko ditu gaur Leioako Kultur aretoak. Bertan bisitatu ahalko da datorren urtarrilaren 10era arte.

Jatorrira itzultzea da Aldanak erakusgai jarri dituen artelanen bitartez agertu nahi duen  ideia nagusia. Argazkia, pintura, collage arte teknikak erabiltzen ditu horretarako Tasmaniako baso primitiboetan artistak berak hartutako irudiak abiapuntu direla. Ingurune haietako edertasunari erreparatuta, bizitza naturalaren jatorri primarioetara eraman nahiko du bisitaria,  “bizitza natural horretan, pertsona, oztopo izan ez dadin, natura oparo horren ikusle bihurtzen da”, azaldu du artistak.

Julioren lanetan, aldiz, ezinbestean elkar ulertzera “kondenatutako” bi diziplinak bat egiten dute; pinturak eta argazkiak. Elkarren arteko espazio hibrido bat sortzen dute, bi errealitateak konbinatuz. Artista “elkarrizketan jarduten da argazkiarekin, proposamen piktoriko formalistetatik edota keinuzkoetatik, zuzenean haren gainean margotuz, esanahia aldatuz irakurketa berriak ahalbidetzeko: ironikoaren eta onirikoaren artekoak, egunerokotasunaren eta unibertsalaren artekoak, kopia fidelaren eta abstraktuaren artekoak”, azaldu du erakusketaren nondik norakoen inguruan erakusketako arduradunak.

Erakusketaren ordutegiak eta gainerako argibideetarako, kulturleioa.com atari digitala.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button