BERTSOTAN

“Nafarroako Bardoak” bertso ekimena ostiralean hasiko da

Bi urtez behin antolatzen den Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimenaren hirugarren edizioa ostiralean, urtarrilaren 22an, abiatuko da 121 parte-hartzaile, 71 bertsolari eta 23 saiorekin, eta “bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatu eta bertsolaritza gune berrietara zabaltzeko helburuekin dator gainera”. Etxarri-Aranatzen jokatuko da finala martxoaren 19an.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak adierazi duen bezala, “16 taldeak bost ligaxkatan banatuta ekingo diote lehen faseari. Bigarren fasea berriz, sei taldek jokatuko dute eta finala hirukoa izango da. Finala salbu, saioak elkarte girokoak izanen dira, hurbilak, gozoak eta kalitatezkoak. Kasu gehienetan saio horiek otorduekin osatuko dira”.

Urtarrilaren 22an abiatuko da bertso ekimena. Egun horretan lau saio jokatuko dira: Lizarrako Gure Hizkuntza elkartean eta Donamariako herriko ostatuan bertso-merenduak, eta Barañaingo Haizea elkartean eta Berako Kataku ostatuan bertso-saioak. Larunbatean, beste saio bat izango da Altsasuko Gure Etxean.

Bardoen finala martxoaren 19an jokatuko da Etxarri-Aranazko frontoian., eta “egun osoko festa eguna bihurtuko da. Azken urteotan Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala bertsolaritzaren eta euskal kulturaren ezinbesteko hitzordu bilakatu da eta final honek ere lehiaz harago dagoen bertsolaritzaren festa handia izaten segitu nahi du”.

Bardoak 2016ko informazio osoa eta eguneratuta www.bertsozale.eus webgunean izango duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button