Nontzeberri

Zaldi urdinak Arriagako oholtza kurrituko du

ArteDrama, Axut! eta Dejabu konpainien artean bideraturiko antzerki proiektu berria da Zaldi urdina, non drogak, gazteen ametsak, indar poliziala eta interes ekonomiko ilunak uztatzen diren, 1980ko hamarkadako giro hura  berriz irudikatu ahal izateko. Ximun Fuchsek zuzendutako Zaldi urdina obra Unai Iturriaga eta Igor Elortzak idatzi dute, eta Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobidek osatzen dute artista taldea.

“Aingeru, 17 urteko mutil gaztea desagertu egin da tekno jaialdi batean gazte batek Zaldi Urdina droga berria kontsumitu eta bihotzekoak jota hil ondoren. Poliziak Aingeru du droga trapitxero susmagarritzat. Amets, Aingeruren arrebak, Karmen amonak eta Simon udaltzain ohi traketsak ikerketa bat abiarazi dute, Aingeru poliziak baino lehen aurkitzeko. Izan ere aste bete barru egingo ditu Aingeruk 18 urte eta adin nagusitasuna bete aurretik aurkitu behar dute, abokatu on batekin epaitegira aurkezteko”.

Horixe da hain zuzen, Axut, Artedrama eta Dejabu konpainiek elkarlanean sortu duten azken lanaren abiapuntua. Izenburu metaforikoa dela sumatu daiteke. Izan ere Euskal Herrian nahikoa da zaldia esatea heroina eta 1980ko hamarkada burura etortzeko:  “gazteria eta rock musika batzuei; hiesa eta heriotza beste askori, edota gatazka politikoa eta botereen esku beltza hainbat eta hainbati”, azaltzen dute artistek

Eta Zaldi urdina da Arriaga Antzokiak ostegunean, azaroaren 7an, arratsaldeko 19:30ean eskainiko duen antzezlana. Azaroaren 6an eta 7an goizeko emanaldiak ere izango dira, eskolei eta ikastolei zuzendutakoak, 11:00etatik aurrera.