ESZENA

“Zaldi urdina” lana ikusteko abagunea, Elorrion

Elorrioko Arriola kulturgunean, ArteDrama, Axut! eta Dejabu konpainien artean sorturiko Zaldi urdina lana ikusteko abagunea izango da, ostiralean, hilak 24. Ximun Fuchsek zuzendutako Zaldi urdina obra Unai Iturriaga eta Igor Elortzak idatzi dute, eta Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobidek osatzen dute artista taldea

Obra arrakastatsuan, drogak, gazteen ametsak, indar poliziala eta interes ekonomiko ilunak uztatzen dira, 1980ko hamarkadako giro hura  berriz irudikatu ahal izateko. Lanak hauxe kontatzen du: “Aingeru, 17 urteko mutil gaztea desagertu egin da tekno jaialdi batean gazte batek Zaldi Urdina droga berria kontsumitu eta bihotzekoak jota hil ondoren. Poliziak Aingeru du droga trapitxero susmagarritzat. Amets, Aingeruren arrebak, Karmen amonak eta Simon udaltzain ohi traketsak ikerketa bat abiarazi dute, Aingeru poliziak baino lehen aurkitzeko. Izan ere aste bete barru egingo ditu Aingeruk 18 urte eta adin nagusitasuna bete aurretik aurkitu behar dute, abokatu on batekin epaitegira aurkezteko”.

Horixe da hain zuzen, Axut, Artedrama eta Dejabu konpainiek elkarlanean sortu duten lanaren abiapuntua. Izenburu metaforikoa dela sumatu daiteke. Izan ere Euskal Herrian nahikoa da zaldia esatea heroina eta 1980ko hamarkada burura etortzeko: “gazteria eta rock musika batzuei; hiesa eta heriotza beste askori, edota gatazka politikoa eta botereen esku beltza hainbat eta hainbati”, adierazi dute artistek.

Asteburuan, Durangon eta Ataunen ere izango da urdin koloreko zaldia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button