ESZENA

“Zaldi urdina” antzezlanaren estreinaldia Luhuson, euskal road movie-a

“Aingeru, 17 urteko mutil gaztea desagertu egin da tekno jaialdi batean gazte batek Zaldi Urdina droga berria kontsumitu eta bihotzekoak jota hil ondoren. Poliziak Aingeru du droga trapitxero susmagarritzat. Amets, Aingeruren arrebak, Karmen amonak eta Simon udaltzain ohi traketsak ikerketa bat abiarazi dute, Aingeru poliziak baino lehen aurkitzeko. Izan ere aste bete barru egingo ditu Aingeruk 18 urte eta adin nagusitasuna bete aurretik aurkitu behar dute, abokatu on batekin epaitegira aurkezteko”.

Horixe da hain zuzen, Axut, Artedrama eta Dejabu konpainiek elkarlanean sortu duten azken lanaren abiapuntua. Izenburu metaforikoa dela sumatu daiteke. Izan ere Euskal Herrian nahikoa da “zaldi zuria” esatea heroina eta 1980ko hamarkada burura etortzeko:  “gazteria eta rock musika batzuei; hiesa eta heriotza beste askori, edota gatazka politikoa eta botereen esku beltza hainbat eta hainbati”, azaltzen dute artistek.

Orain, Errautsak, Hamlet eta Francoren bilobari gutuna ekoitzi zuten hiru antzeztaldeok, euskal road movie bat dakarte, garai emankor baina, era berean, beltz, latz eta gogor haiek gogora ekartzen dituena: Zaldi urdina, Ximun Fuchs eta Ainara Gurrutxagaren zuzendaritzapean sortutakoa.Auzia da droga kalean dela, hemen eta orain”, gaineratu dute kezkaz.

Gaur bertan, urriaren 11an izango da sorkuntza berriaren estreinaldia Luhuson (Lapurdi), arratsaldeko 20:30ean, Harri Xuri aretoan. Eta hurrengo hileetan, berrogeita hamar funtzio baino gehiago  emango dituzte Euskal Herriko areto eta antzokietan zehar. Bertan, Unai Iturriaga eta Igor Elortzak idatzitako testuan oinarrituta, Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobide antzezleak Philippe Ducou koreografia eramango dute oholtzara, Asier Ituarteren  musikaz lagundurik.

Axut, Artedrama eta Dejabu konpainiek ibilbide oparoa eta luzea dute euskal eszenografian. Izan ere, Artedrama Arte Eszenikoen Plataforma, ekintza, drama, antzerkia eta artearen lengoaiak ikertu eta sortzeko bokazioarekin jaio zen 2007an Ander Lipusen gidaritzapean. Bilbon Mina espazioa sortu zuenetik,  bere ibilbidea antzerki ikerketa eta esperimentaziora bideratu du. 1998an, Antzerkiola Imaginarioa taldea sortu eta aktore eta zuzendari lanetan aritu zen. Antzerki antropologian aditua da, eta hainbat antzerki eskoletan irakasle ibilia da. 2007an Artedrama Arte Eszenikoen Plataforma sortu zuen, eta 2012an, proiektu pertsonalak bideratzeko, Huts Teatroa konpainia.

Axut! euskarazko antzerkia garatzeko xedearekin sortu den kolektiboa da, 25 urteko ibilbidea duten bi anaiaren eskutik: Manex eta Ximun Fuchs. Antzerkia euskaraz eta frantsesez egin dute orain arte “baina orain, euskara hutsean baino, euskara betean ekitea erabaki dugu. Ez garelako hutsetik mintzo, betetik baino”, azaldu dute.

Eta Dejabu konpainia, Panpin laborategiaren emaitza da, Ainara Gurrutxagak, Unai Rekondok eta Miren Alkalak osatutakoa. Ibilbide luzeko profesionalak dira Iruñean kokatuta dauden artistak. Hala, 2001etik txotxongilo ikuskizunen munduan murgildu zirenetik, hainbat sormen lan oholtzaratu dituzte, esaterako, Hamlet (Artedramarekin elkarlanean) edota Arrastoak (Donostia Antzerki Saria 2014).

Informazio gehiago duzue hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu