LITERATURA

“Zaldi Mamarroa” argitaratu du Ekaitz Goienetxeak

Iazko Igartza Saria jaso zuen Ekaitz Goienetxearen (Miarritze, 1982) Zaldi Mamarroa (Elkar) egitasmoak. Hala, txikitatik Bermeon bizi den idazleak iragan astean  aurkeztu zuen eleberri saritua, Donostian. Liburuak 1980ko hamarkadako  drogen inguruko garaia jorratzen du, Euskal Herriko kostaldean kokatuta dagoen herri batean.

Nobela korala da, 1980ko hamarkadako drogek euskal gizartean izandako eragina jorratzen duena, fikzionatutako hainbat lagunek egindako testigantzen bitartez. Horrekin batera, egungo gazteen izaerarekin ere lotzen du iraganeko kontakizuna. Errealismo zikin hori zertzelada poetikoekin apaintzen du Goienetxeak. Elkar argitaletxearen arabera, “(…) gordina eta zikina, lirikoa eta ederra bestetik”.

Honatx Ekaitzen idazkeraren lagin txiki bat: “Burdinazko kateen kirrinka eta tuklunka metalikoak. Txikoten sokatira teinkadak eta intziriak. Plastikozko buia zanpatuen igurtzi eta aiene desinflatuak. Goma baten flap kolpea besoko azaleraren kontra”. Soinuz betetako letrak dira, bai eta musikaz jositako kontakizuna ere.

Martxoaren 13an, Bilbon aurkeztuko du liburua, Loraldia jaialdiaren baitan. Julen Azpitarte kazetaria izango du Ekaitzek ondoan.

Ekaitz Goienetxea kantinaria eta komunikazio behargina da. Gabriel Aresti ipuin sariketa irabazi du, eta Eslovenian literatur egonaldi bat ere egin du, Beste Hitzak programaren bitartez. Zaldi mamarroa bere lehen lan luzea da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button