IKUS-ENTZUN

Zabalik dago “Beldur Barik” gazteei zuzendutako ikus-entzunezko lehiaketan izena emateko epea

Arrigorriagako Udalak, Berdintasun eta Gazteria Arloen bidez, indarkeria sexistaren aurkako portaera guztiak bultzatzeko konpromisoari eutsiz, aurten ere buru-belarri hartuko du Beldur Barik Jarrera 2018 ikus-entzunezkoen lehiaketa.

Bere bosgarren edizioan lehiaketaren helburua “mota guztietako arte adierazpenak aintzatetsi, balioetsi eta bultzatzea, baldin eta gaur egun emakumeen desberdintasun egoerei neska-mutilek aurre egiteko duten modua erakusten badute, errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian eta erantzunkidetasunean oinarritutako jarrera eta jokabidez osatutako modua, hain zuzen, indarkeria sexista erabat arbuiatzen duena”, azaltzen dute udal ordezkariek.

Bi kategoriatan, 12 eta 26 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute. Hala, 12 eta 17 adin tartekoen kategorian, nola 18 eta 26 urte bitarteko kategorian, banaka edo taldeka, azaroaren 9ra arte dago izena emateko aukera. Era berean, pertsona eta talde bakoitzak, gehienez ere, 3 proiektu aurkeztu ahal izango ditu.

Parte hartzaileek, mota guztietako arte adierazpenak aurkeztu ditzakete: flashmob-ak, ozen irakurritako olerkiak, bideoklipak, fotomuntaketak, film laburrak, animazio proiektuak… baina beti ere ikus-entzunezko formatuan eta Youtube edota Vimeo bideoen plataforma bateko esteka baten bitartez aurkezten badira.

Aurkezten diren lanei dagokienez, kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, gogoetak eta eztabaidak sortzeko duen gaitasuna. Hala, matxismoaren aurka mutilek erakutsitako konpromisoa eta nesken ahalduntzea biltzen duten mezuak sustatuko da, Beldur Barik jarrera islatzeko.

Lehiaketaren oinarrien xehetasunak, Arrigorriagako Udaleko webgunean edota beldurbarik.eus atarian duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button