LITERATURA

Yolanda Arrietak “Argiaren Alaba” argitaratu du

Bihar, ekainaren 20an, 20:00etan, Markina-Xemeingo Udaletxean, Yolanda Arrietak Argiaren Alaba lanaren aurkezpena egingo du. Lan horren xedea, Bizenta Mogel Elgezabal andre idazlearen bizitzara eta bizimodura hurbiltzea izan da, datu errealetan oinarritutako fikzio baten bidez, fikzio-prozesua bera delarik ardatz eta eragile.

Liburuaren kontra-portadan hauxe irakurri dugu: “Mirarik hamazazpi urte ditu, aita amerikarra du eta ama euskalduna. Estatu Batuetan bizi arren, ama eta izeko Amaia jatorri euskalduna mantentzen saiatu dira, betidanik, eta horregatik moldatzen da primeran euskaraz. Gaitasun handiko nerabea izanik, ez du inoiz arazorik izan letrekin eta zenbakiekin, baina berak dioen bezala, “adimena estatistiken gainetik doanean, emozioak auskalo, eta bizipenak, estatistikoki altutzat hartzen den adimena baino koska bi beherago, hegaldatzeak eskatzen duen abiada hartzeko lurrik gabe sentitzen da bat”. Horregatik, etxean beretzako antolaturik zeuden planei aurrea hartuz, izeko Amaiarekin igaroko du 2013ko uda aitita-amamen lurraldean. Era bitxi batean, ordea: denboran salto eginez, bi mende eta laurden aurretik, bertan hazitako neska idazle baten bizimoduan murgildu ahala, datuak fikzio bihurtzen”.

Orriotan ere, Bizentaren belaunaldiko zenbait artista gazte europarren zertzeladak tartekatuko dira (J. Austen, Mozart), sasoi bereko pertsonaien arteko kointzidentziak eta ñabardurak agertuz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button