MUSIKA

Yo La Tengok disko berria aurkeztuko du Donostian

AEBetako eta ondorioz planeta osoko mugimendu indie-aren aitzindari Yo La Tengo bandak Donostiako Victoria Eugenia antzokian joko du larunbatean. Hirukoteak There’s A Riot Going On izenburuko lan berria aurkeztuko du. Talde estatubatuarra Donostiako Kutxa Kultur jaialdiaren kartel-buru izan zen 2015eko edizioan.

Yo La Tengok Victoria Eugenia antzokian aurkeztuko duen There’s A Riot Going On grabazioa aurreko diskoak baino esperimentalagoa, inkonformistagoa eta atmosferikoagoa da. Horrekin batera 30 urteko ibilbidean plazaratutako 15 diskoetako kantuak ere errepasatuko ditu. Bide luze horretan askotariko estiloak jo ditu, tartean, noise rock, shoegaze edo  pop melodikoa.

Yo La Tengo taldea New Jersey-ko Hoboken hirian eratu zen, 1984an, Ira Kaplan, Georgia Hubley eta James McNew musikarien eskutik. Kultuzko taldea, musika-kritikarien banda kuttuna dela esan ohi da. 1986an plazaratu zuten estreinako lana, Ride The Tiger, eta harrezkeroztik makina bat lan argitaratu dute, tartean, Painful sendoa.

Hirukoteak, gainera, oso gustuko du bertsioak egitea; esaterako, 1990ean, Fakeband izenburuko lana kaleratu, eta bertan, hainbat talderen folk kutsuko kantuak bildu zituzten, tartean, Gene Clark, Cat Stevens, Flamin Groovies, The Pastels eta The Kinks.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button