IKUS-ENTZUN

Yannick Bellon, Angela Schanelec eta Rainer Werner Fassbinder protagonistak, Tabakalerako zine-programan

Yannick Bellon, Angela Schanelec eta Rainer Werner Fassbinder zinemagileei eskainitako atzera-begirakoak hartuko du  protagonismoa Donostiako Tabakalerako zinearen programazio egonkorraren baitan, urritik ekainera.

Euskadiko Filmategiak, Donostia Kulturak, Elías Querejeta Zine Eskolak, Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera bertako zinema-taldeak elkarlanean antolatutako ekimena, ohi bezala, asteazkenetik ostiralera eskainiko diren proiekzio-saioekin osatuko da.

Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan garatuko den egitasmoan, oraingo honetan,  Yannick Bellon, Angela Schanelec eta Rainer Werner Fassbinder izango dira protagonistak, Joxean Fernandez,  Euskadiko Filmategiko zuzendariaren iritziz, “zinemagintza zuzena eta ez ohikoaren hiru adibide”. Bellon, Schanelec eta Fassbinder zinegile ezagunak eta sarituak dira, eta ikuslea harrituko duelakoan dago Fernandez.

Bellon eta Schanelec-ek hartuko dute Tabakalerako pantaila urritik abendura arte, eta datozen hilabeteetan, Biarritzen sortutako Yannick Bellon zinegile handia ezagutzeko aukera  paregabea izango du bertaratzen denak: “erabateko feminista, eta gizarte gaien inguruan kezka eta ardura handiak dituena”.
Angela Schanelec-en kasuan,  Euskadiko Filmategiko zuzendariaren ustez, “aski ezaguna bilakatu den zuzendari bat da, nazioarteko zine-jaialdietan harrera bikaina izaten ari dena. Horren adibide garbia da Berlinalen jaso zuen Zilarrezko Hartza”.
Fassbinder ezagutzeko aukera aldiz, ekainera arte luzatuko da. Hala, bere atzera-begirakoaren lagin bat ikusteko aukera izango duzue: 35 film luze, bi film labur eta telebistarako zuzendu zituen bi telesail proiektatuko dira. Josemi Beltrán, Donostia Kulturako Zine Unitatearen arduradunak aipatu duenaren arabera, “aukera paregabea da zuzendari ezeroso hau sakontasunez ezagutzeko. Bere obra gaurkotasunez betea dagoela uste dugu”.

Atzera-begirako horren harira, gainera, Fassbinder+ programa paraleloa antolatu da, zuzendari alemaniarrarekin modu batean edo bestean lotutako beste 17 filmek osatutako programa. “Nosferatuk eskainiko dion zikloa Estatuan egin den osoena da”, argitu dute antolatzaileek.
Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak elkarlanetik sortutako proiektu horren sendotasuna azpimarratu nahi izan du: “Erakunde ezberdinek elkarrekin landuriko zine-programa hau,  Tabakalerak daukan indarraren eta ahalmenaren adibide garbia da, zinearen iragana, oraina eta etorkizuna bateratzen dituen programa bat, eta ikusleari harridura sortaraziko diona delako”.

Informazio guzti-guztia duzue, tabakalera.eu web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button