ESZENA

“Ya!”, Belén Maya eta Niño de Elcheren arteko topaketa

Belén Maya dantzariak eta Niño de Elchek abeslariak Ya! flamenko ikuskizuna taularatuko dute larunbatean, Bilboko BBK aretoan. Emanaldia Dantzaldia zikloaren baitan egingo da, 20:00etatik aurrera. Maya eta Niño de Elcherekin batera, Raúl Cantizano gitarra-jotzailea arituko da oholtzan.

Maya 1966an jaio zen New York hirian, eta dantza flamenkoaren abangoardiako ikonoa da. Txikitatik ikasi zuen dantza klasikoa, baina 18 urterekin, flamenkoaren esparrura egin zuen salto, eta harrezkeroztik, genero horretako izen garrantzitsu bihurtu da, alde klasikoa eta alde abangoardiakoa uztartuz.

Niño de Elche, berriz, abangoardiako musikaren baitan jarduten duen flamenko abeslaria da. Oraintsu, Bilboko Azkuna Zentroan izan da, Voces del extremo diskoa aurkezten. Grabazio horretan, kraut giroak, post-punk erritmoak, poesia politikoa eta flamenkoa nahastu ditu.

Larunbatean aurkeztuko duten ikuskizunaren harira, “teatraltasuna, umorea eta bikaintasuna” batzen dira. Emanaldiak, gainera, entsegu itxura izango du. “Hiru interpreteen arteko erabateko konexioak, beraien artean eta eszenarekin dagoen intimitateak, ikusleekiko konplizitate-harremana sortuko du”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button