ARTEA

Artium Museoak “Z aretoa” programa aurkeztu du

Artiumek, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Z aretoa programa jarri du abian Patricia Esquiviasen Cardón cardinal filmarekin. Maiatzaren 13tik ekainaren 27ra arte izango da ikusgai.

Z aretoak eremu zinematografikoan sartzen diren artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanak ikusgai jartzeko espazioa sortu du Artium Museoan.

Z aretoa programa ez da zinema ziklo bat areto batean, ezta erakusketa bat ere. Proiektu honek “tarteko espazio bat eraikitzen du, zinemaren lurraldera salto egiten duten artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanen inguruan hausnartzeko eta haiek ezagutarazteko. Museoan mugimendudun irudia pentsatzeko keinu erabakigarritik sortutako programa da. Hizkuntza zinematografikoa historikoki kategorizatzen duten generoak zalantzan jarriz narrazio-forma berriak bilatzen saiatzen diren egileengana hurbildu nahi dira ikusleak programa honen bidez.”

Programaren dinamika honakoa izango da: film edo film sorta bakoitza Z aretoa horretan proiektatuko da, gutxi gorabehera bi hilabetez. Gero filmaren inguruan, “elkarrizketa bat egingo da egile bakoitzarekin. Erakusketa-proiektu berri bakoitzarekin, aretoko lanen fitxa tekniko oso bat eta aditu, kritikari eta historialari batzuek eta besteek idatzitako testu espezifikoak biltzen dituen argitalpen bat argitaratzen da, programatutako lanen hedapena, analisia eta gogoeta sustatzeko”.

Programa Patricia Esquiviasen Cardón cardinal filmarekin jarri da abian, 1992ko Erakusketa Unibertsalerako Mexikotik Sevillara 18 tonako kaktus erraldoi bat, kardoi bat, eramateari buruzko ikerketatik sortua. Cardón cardinalen proiekzioa “proiektuaren egikaritzearekin lotutako artistaren objektu eta ohar sorta baten bidez kokatuko da testuinguruan”.

Z Aretoa programak artearen eta zinemaren hizkuntzak partekatzen dituzten artista eta zinemagileen lau ekoizpen aurkeztuko ditu 2021ean: Maddi Barber eta Marina Lameiro, Rosalynd Nashashibi eta Eric Boudelaire.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button