ESZENA

XIV. Dantza Zirkuituak “I U, Female eta Trip” eta “Erritu” koreografiak dakartza asteburuan

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Sarearen bidez antolatutako ekimena bi proposamenekin dator asteburuan.

I U,  Female eta Trip, Lasala konpainiaren koreografia ikuskizuna eskainiko da Arrasateko Amaia Udal Antzokian, larunbatean, hilaren 13an, 19:30etan.

Hiru piezaz osatzen da ikuskizuna, haietako bakoitza dantzari batek interpretatua. Female izenekoak emakumezko unibertso batera garamatza. I U obrak, berriz, “itzalen mundutik argien mundura gidatzen gaituen bidea” oroitarazten du. Eta, Trip piezak, bidaia batera gonbidatzen gaitu, “perfekzioaren eta edertasunaren bila”.

2013an sortutako Lasala Konpainia zuzentzen duen Judith Argomaniz artistak, dantzari eta koreografa moduan ibilbide oparoa eman dion ospea du. Bartzelonako Institut del Teatren eta Madrilgo Maria de Avila Goi Mailako Dantza Kontserbatorioan egin zituen ikasketak, eta azken horretan, kalifikaziorik handiena eta aparteko saria lortu zuen. 2017an, Gipuzkoako Dantza Irakasleen Elkartearen Errebelazio Saria jaso zuen, “koreografiaren eta interpretazioaren munduan duen potentzialagatik eta etorkizun oparoagatik”. Ballet Biarritz Junior eta Amaury Dance Company konpainietan parte hartu du, eta Nacho Duatoren, La Macanaren eta Shlomi Bitton-en obrak interpretatu ditu.

Eta Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean igandean urriak 14an, Kukai eta  Sharon Fridman  konpainien elkarlanaren eskutik, Erritu  ikusteko aukera egongo da arratsaldeko 19:30etan.

“Norberaren bidaia, bilaketa, prozesua, eraldaketa, garapena… Norberaren ERRITUA. Intimoa eta konpartitua. Kolektibotik norbananakora eta norbanakotik kolektibora. Zentzuen bidaia bat, kantuaren, dantzaren era bizipen bidetik. ERRITU bat guztiontzat”.

Kukai Dantza Konpainiaren —2017ko Dantza Sari Nazionala— eta Sharon Fridman koreografo israeldar ospetsuaren -2015eko Max sariduna- arteko lankidetzaren emaitza da Erritu. David Azurza kontratenorrak zuzenean abesten du.

XIV. Dantza Zirkuituaren aurtengo edizioak, 84 emanaldi programatu ditu EAEko 28 agertokitan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu