Nontzeberri

“Xiberoa Zinez” zine zikloa egunotan

Urriaren 31n, eta azaroaren 1 eta 2an, Hebentik elkarteak antolaturiko Xiberoa Zinez izeneko zine zikloa egingo da Maulen eta Gameren. Aurtengo ekitaldian, lurra eta poesia uztarturik, Xalbador bertsolaria, Etxahun Iruri, eta okzitaniar Marcela Delpastre poetak berrikusiko dira.

Gaur berton, Mauleko Parropiako gelan, 20:30ean, A fleur de Vie izeneko filma pantailaratuko da. Patrick Cazals da zuzendaria, eta bere filmean Marcela Delpastre laborariaren eguneroko bizitzan murgilduko da ikuslea, barnetik sorturiko obra ere aipatzen delarik.
Horren ostean, Eneko Dorronsororen Xalbador: izena eta izana filma ikusiko da. Ezagunak dira Xalbadorren bertsoak eta ezaguna txistuak txalo bihurtu zitueneko eguna. Eta ezaguna da Xalbadorren heriotzaren dramatismoa: bere jaioterrian, omenaldi bat egiten zitzaion bitartean. Fernando Aire Etxart (Urepele, Nafarroa Beherea, 1920ko ekainaren 19a – 1976ko azaroaren 7a) Urepeleko Xalbadorrenia etxaldean sortu eta bizi izan zen. Artzain-laboraria zen ogibidez, baina bertsoari eskaini zion bizitza. Bertsolari liriko eta poetikoa, seriostasuna eta malenkonia ordezkatu izan zituen anitzetan; bizitza, familia, baserria, fedea eta natura izan zituen bertsoetako gai.

Azaroaren 1ean, Gamereko Ager ostatuan, Marcela Delpastre laborariaren inguruko beste bi film pantailaratuko dituzte: L´aubre vielh (Henri Moline, 1977) eta Marcela, parole (Patrick Cazals, 1986).

Azkenik, azaroaren 2an, Mauleko Ondarearen etxean, Maite Barnetxek zuzenduriko Etxahun Iruri, pastoral idazlea filma emango da. Egun horretan ere, eta horren kariaz, Mixel Etxekopar musikari eta kantariak Etxahun eta Xalbador, parea bai! izeneko hitzaldia emango du.

Exit mobile version