LITERATURA

XI. Poesiaren Astea Mikelazuloren eskutik

Errenteria/Oreretako Mikelazulo kultur elkarteak XI. Poesiaren Astea antolatu du maiatzaren 26tik ekainaren 2ra.

Aurtengoan Poesiaren ibilbideak gaiaren inguruan gogoeta egiteko baliatuko dira ekitaldi guztiak: Zeintzuk dira idatzia izan eta gero poema batek jarrai ditzakeen bideak? edizio moduak, errezitaldiak, beste diziplina artistikoekin egiten diren elkarlanak… edo poemaren burujabetasuna.

Poesiaren bide posibleak aztertuko dira Poesiaren Aste honetan. Xede horrekin errezitaldi bakoitzaren ostean haren egileekin hitz egiteko aukera egongo da, igandean egingo da goizean mahai inguru bat eta arratsaldean errezitaldi kolektibo irekia Oihana Leundak egin duen iruditik abiatuta idatziko diren poemekin, gogoetaren bidea osatzeko.

Mikelazuloko lan-taldeak ere ohar batean iragarri du aste horretako asmoa: “Hamar urteko ibilbidearen ostean gogoetarako erabiliko dugu XI. Poesiaren Astea Mikelazulon. Hamar urte hauetan poesiari loturiko argitalpen, erakusketa eta emanaldi ugari ezagutu dugu. Aste osoko egitarauak prestatu arren sarritan geratu izan gara esku artera iristen zitzaizkigun proposamen guztiak ekitaldien zerrendan sartu ezinik. Poesia gutxiengo batek jarraitzen omen duen literatur generoa izanik, nola uler tamainako mugimendua? Poesiak dituen berezko ezaugarriek erraztu dezakete publikoarekiko harremana eta beste diziplina artistiko batzuekin egiten ahal den elkarlana? Poesiaren Aste honetan atzera begiratuko dugu aurrerako grinaz, eta galdera horien inguruan mugituko gara parte hartzaileen laguntzarekin: emanaldien ostean solasaldi laburrak egingo dira ikusi berri diren errezitaldiei buruz, gogoetarako tartea zabalduko da igande goizeko gosari-solasaldian”.

Egitaraua honela atondu da: Maiatzaren 26an, 20:00etan, Huntza hezur berritan musipoema emanaldia. Hitzak Juan Ramon Makuso, biolina Jon Makuso.
Maiatzaren 27an, 20:30ean, Duintasunaren eta askatasunaren koloreak, herrialde arabiarretako poesian oinarritutako errezitaldi musikatua.
Maiatzaren 28an, 18:00etan, Bustilehorreko poemak (itsasoa eta jendea) errezitaldia. Jose Luis Otamendiren hitzak, Juan Azpillagaren musika. 20:00etan Igo gora errezitaldia: Marco Bianchi (soinuak, ehundurak), Manex Agirre (ahotsa) eta Jon Aranburu (gitarra, zaratak, ahotsa).
Maiatzaren 29an, 10:30ean, Poesiaren ibilbideak gosari-solasaldia, hiru gonbidaturekin: Imanol Epelde, Ixiar Rozas eta Auxtin Zamora. Eta 17:00etan errezitaldi kolektiboa, Oihana Leundak egindako iruditik abiatuta. Parte hartzea irekia izango da eta Poesiaren Astean aurreko hamar urteetan parte hartu duen jendea ere gonbidatuko da parte hartzera.
Ekainaren 2an, 20:00etan, Bulkada liburuan oinarritutako errezitaldia, Jon Benitoren eskutik

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button