MUSIKA

Xabier Montoiak bere kantuak erabat biluztu ditu “Gorraizea” diskoan

Xabier Montoiak Gorraizea izenburuko lan berria plazaratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen bitartez. Grabazioak hamar kantu biltzen ditu, hari-laukote batekin grabatuak. Ibon Rodriguez musikaria arduratu da kantuok konponketa dotoreekin janzteaz, horretaz gainera, Rodriguezek pianoa eta gitarra jo ditu, bai eta ahotsak sartu ere.

2011n argitaratutako Montoiaren mundu miresgarria diskoan ja Montoiak alboratua zuen kasik elektrizitatea. Hala, gasteiztarraren seigarren lan honetan ez da rock eta pop instrumentaziorik antzematen, kantuek haien kutsu pop zalea erakusten badute ere, sotilki, etxean gitarrarekin sortutako kantuak diren aldetik.

Hitzei dagokionez, Montoia denboraren igarotzea da gai nagusia. Musikariak bertso laburreko doinu minimalistak idatzi ditu, sakona, eta inoiz baino hobe ari da kantatzen, esaterako, biziki gustatu zaigun eta diskoa ixten duen Errautsak Haizetan kantuaren estribilloak honela dio: “Izan ginen gazteak, ez dira itzuliko, gure orduko ametsak, errautsak haizetan”. Amodioa eta desamodioa jorratzen ditu M-ak taldeko abeslari ohiak.

Fermin Etxegoien kazetari eta idazleak hauxe esan du diskoaren harira: “Lan bereziki ederra dugu Xabier Montoiaren Gorraizea, osagai bakoitza, gainerako osagaiei esker, esanahiez osotzen delako. Horra, sorkuntzan zer den lurralde propio batez jabetzea”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button