MUSIKA

Xarmak “Karenka” diskoa plazaratu du

Donostia, Ondarroa eta Berrizko musikariz osaturiko Xarma laukoteak Karenka izenburuko lana kaleratu berri du; Danbaka lehiaketaren azken edizioan jasotako sari nagusiaren emaitza da.

Xarmaren bigarren lanak dozena bat kantu biltzen du, tartean, aspaldi desagerturiko RSK talde ondarrutarraren 8 urte doinua. Kantuok Shot! Estudioan grabatu zituzten Iñaki Bengoa teknikariaren laguntzarekin eta aurreko lanarekin alderatuz, Amaraunak, rock zaleagoak dira. “Abestiak azkarragoak dira, zuzenagoak, gogorragoak, gitarra abiapuntutzat hartuz eginiko abestiak dena”,  diskoarekin batera taldeak bidali duen oharrean jasotzen denez.

Hitzei dagokienez, oraingoan ahalegin berezia egin dute. Hitzotan askotariko gaiak jorratu dituzte, eta gehienetan gatazkaren bat jasotzen da. “Noreberaren beldurrei aurre egin beharra, egoera politikoari, egoera ekonomiko eta sozialari, kartzelaren bakardadeari, kontsumo itsuari…”.

Taldekideen harira, diskoan bateria Joshua Frofek jo du. Oholtza gainean, ordea, Keike era Brankan taldeetan arituriko Denis Alberdi arituko da, “egun jada, Xarmakide dena”.

Bateria jotzaile berria eta gainontzeko taldekideak zuzenean ikusteko hainbat aukera izango dira egunotan: azaroaren 19an, Mauleko Zinka ostatuan izango dira eta 25ean Oñatiko Herrikoan. Abenduan, halaber, beste lau kontzertu egingo dituzte, 3an Mallabiko Herrikoan, 4an Durangoko Azokan egin ohi den Ahotsenean, 10ean Donostiako Kortxoenea gaztetxean eta 16an Zarauzko Arranon.

Amaitzeko, nabarmendu behar da diskoa autoekoizpena dela eta Durangoko Azokan Gatazka DDT-ren standean izango dela eskuragarri.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button