ARTEA

Xabier Artola argazkilariaren erakusketa Bertizen, “Dantza” filmaren argazkiz osatuta

Kameren aurrean dantzan: Dantzako argazkien bilduma erakusketa bisitatu ahal da dagoeneko, Nafarroako txokorik ederrenetakoan: Bertizeko Jaurerrian.

Xabier Artola argazkilariaren erakusketa hau Telmo Esnalek zuzendutako Dantza filmaren filmatze saioetako 32 argazkiekin osatuta dago. Aurkezten diren irudiotan, filmatze saioetarako prestatutako set-etan garatutako koreografia eta eszena ederren berri ematen da, filmaren estetika-paisaiak, koloreak, formak,mugimendua, argia… islatuz. Horrekin batera, eta osagarri gisa, filmaren making of saioetako irudi sail bat ere aurkezten du artista gipuzkoarrak.

“Argazkiak egitera gonbidatu nindutenean, ez nekien zer aurkituko nuen; zinemaren mundua ez nuen barrutik ezagutzen, eta ez nekien zer nolako egoerak eta aukerak izango nituen argazkiak egiteko. Estreinakora joan nintzelarik, baina, Igartubeitiko argi-itzalen artean dantzarien oin biluziek zurezko zorutik harrotzen zuten hautsaren artean lehen klikak egiten hasi orduko, ernamuindu zen niregan erakusketaren bidez aurkezten dudan proiektu fotografikoa”, aitortu du artistak.

Nafarroako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailak  antolatzen duen Kultur programaren zirkuituko ekimena da erakusketa hau. Ekimen horrek Nafarroako geografia osorako zirkuitu bat garatzen du, bertako biztanleei kalitatezko kultur proposamenak ikusteko eta entzuteko aukera eskaintzeko asmoz, “gure lurraldeko tradizio musikal nabarmenari eusten diotenak”, argitu dute antolatzaileek.

Bertizko Jaurerrian abuztuaren 25era bitarte egongo da ikusgai, eta ondoren, Nafarroan barrena ibiliko da musika herrikoiarekin, dantzarekin eta arte plastikoekin lagunduta.

Informazio eta xehetasun gehiagorako, joan Bertiz Jaurerriak duen web orrialdera

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button