LITERATURA

“Metamorfosia” lanaren inguruan

Ehun urte dira Franz Kafkak bere obrarik esanguratsuena plazaratu zuela: Metamorfosia. Gaurtik martxoaren 3ra arte, Bilbo Zaharra Euskaltegiak Forum berezia prestatu du, ehun urte horiek ospatzeko eta obra hori gogora ekartzeko.

Hala, gaur, martxoaren 1ean, 19:00etan, obra horren euskarazko hiru itzultzaileak bertaratuko dira, euskaraz hiru itzulpen ditugu:  Xabier Kintanak 1970ean egin zuen bat, Itxura aldaketa, eta Rufino Iraolak,  2000an, Metamorfosia  itzuli zuen, eta Anton Garikanok egin du azken itzulpena. Gaur berton aurkeztuko da azken lan hori.

Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria da, eta F. Kafka ez ezik, K. Marx, F. Engels, M. Unamuno, J. Uharte Donibanekoa eta A. Camus itzuli ditu euskarara. Rufino Iraolaren ibilbide literarioa 1994an hasi zen, Irun Hiria ipuin lehiaketa irabazi zuenean. Bertsolaritzan aditua ere bada. Anton Garikano, berriz, hizkuntzalaria da ikasketaz. Euskal Filologia ikasten hasi zen Donostian.

Bihar, martxoaren 2an, Itzulpena, bidaia baten itzulera titulupean, Anjel Lertxundi izango da protagonista. Anduk literaturaren alor guztiak jorratu ditu. 2010ean, Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi zuen, saiakera arloan, Eskarmentuaren paperak lanarekin. Plazaratu duen azken lana Zu izan da.

Azkenik, martxoaren 3an, Joyce eta Proust ere, euskaraz izenburupean, Xabier Olarra mintzatuko da James Joyceren Ulysses liburuari buruz. Lana joan den urteko irailean aurkeztu zen. Berarekin batera,  Joxe Austin Arrieta ere bertaratuko da Prousten gaineko itzulpenaz mintzatzeko.

Urteurrena aprobetxatuz, une egokia izan daiteke Metamorfosiaren berrirakurketa bat egiteko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button