MUSIKA

X. Leteren poemak “Egunsentiaren Kantak” ikuskizunaren oinarri

Igandean, martxoaren 8an, Pier Paul Berzaitz kantari zuberotarrak ondutako Egunsentiaren Kantak ikuskizuna, Arriaga Antzokian eskainiko da, arratsaldeko 19:00etan. Gaur berton, ekimenaren aurkezpena egin da Bilboko antzoki horretan.

Donostian kontzertu egin ostean, Bilbon aurkeztuko da Egunsentiaren Kantak ikuskizuna, Pier Paul Berzaitz kantari zuberotarraren eskutik. Bera izan da Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak poema liburutik aukeratutako poemak musikatu dituena; guztira sei poema dira musikaz jantzi dituena, “baina, uste dut hamabi edota hamabost musikatuko ditudala”. X.Letek, bere garaian, liburuko poemak musikatzearen enkargua eman zion eta “nik lan garrantzitsu bat bezala hartu nuen, hortaz, lana musikatuz jarraituko dut.”

Berzaitzek esan du “gure lana eskual kanta da, baina jarri nahi dugu maila gorenean, eta horregatik hauek bezalako lekuetan (Arriagako Antzokia) egin behar dira ikuskizunak”.

Emaitza Egunsentiaren Kantak emankizuna da, eta bertan ezagutzera ematen diren kantu eta abesti gehienak Egunsentiaren esku izoztuak hartatik hartutakoak dira. Batzuk erabat berriak izango dira, tartean beste kantari handi bati dedikaturikoa Imanol Larzabal laguna zenari, eta beste batzuk ezagunagoak.

Pier Paul Berzaitz abeslariarekin batera nortasun handiko beste hiru kantari agertuko dira oholtza gainean: Erramun Martikorena, Magali Zubillaga eta Estitxu Pinatxo. Hauekin guztiekin puntako bost musikari: Iosune Marin (gitarra), Michel Longaron (bateria), Txema Garcés (kontrabaxua), Alan Griffin (flauta) eta Joxan Goikoetxea (pianoa, akordeoia eta teklatuak).

Ikuskizunak bere ibilbidea egingo du, eta urtearen amaierarako, errepertoriotik hautatutako 13 kantuez osatutako CD bat argitaratuko da. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button