Nontzeberri

“Woman” eta “Human” erakusketak Iruñeko Kondestablen

Iruñeko Kondestable jauregian, eta abuztuaren 31ra bitartean, Woman. Kodexetatik big datara: emakumeak eta bistaratzea eta Human. Datuetatik haragoko bizitza erakusketak ikusgai izango dira.

Lehen erakusketan “infografian aitzindari izan ziren emakumeek Erdi Arotik gaurdaino egindako lana” aztertzen da. Toki, gune, zifra eta kopuruen azterketa xehearen ondorioz artelan bisualak sortu dituzte, tartean honakoak erabiliz: X. mendeko Liébanako beatoaren kodexean txertatutako mapamundia; Chicagoko populazioaren lansariak; ilargiaren alde ezkutuaren lehen kartografia; edota ozeano-hondoaren lehen mapa.
Horiek guztiak emakumeek eginikoak dira. Erakusketak,  guztira, 17 emakumek egindako lanak biltzen ditu, eta hor koka daitezke Eva van Alphen, Anna Beek, Elizabeth Haussard, Emma Willard, Shanawdithit, Florence Nightingale, Ann Maunder, Marie Tharp eta Kira Shingareva.
“Egileak emakume-sorta txiki bat dira, baina emakume erabakigarriak, haien zeregina uste zena baino askoz garrantzitsuagoa zela berretsi baita” azaldu dute antolatzaileek.

Bigarren erakusketa, “zorroztasun estatistikoaz harago doana munduari begirada kritikoaz behatzeko” ahalegina da. Hala Womanen nola Humanen azpimarratzen dira bai emakumeen protagonismoaren garrantzia datuen analisiaren historian, bai emakumeen ikuspegia datu horiek aztertzean.

Exit mobile version