ARTEA

Alegiazko “Guernica”-k Artiumen

Cristina Lucas, Pepo Salazar, Daniel García Andujar eta Pilar Albarracin espainiar artista garaikideak Pablo Picassoren Guernica lan ezagunaren inguruan aritu dira. Oraingoan, baina, egungo gertaerak izan dituzte aztergai alegiazko lau Guernica egiteko.

Erakusketa ikusgai dago Gasteizko Artium museoan irailaren 2ra bitarte Premiaren garaia izenburupean. Izenburuak Jose Ramon Amondarainek margolan mitikoaren inguruan egin duen Urgencia proiektua aipatzen du. Proiektu hori ere Artiumen ikus daiteke.

Hala, Pilar Albarracínek (Sevilla, 1968) Picassoren koadroan agertzen den zaldia izan du ardatz Zaldikoren heriotza izenburuko ikus-entzunezko proiekzioa eta instalazioa egiteko.

Daniel García-Andújar (Almoradí, 1966) artistak, berriz, instalazio multimedia bat garatu du. Operación Rügen lanean, Gernikako nazien bonbardaketa aztertu du ikuspegi historiko batetik. Horretarako, artxiboko argazki eta dokumentuetan murgildu da.
Cristina Lucasen (Jaen, 1973) lanak ere bonbardaketa du abiapuntu. From the Sky Down proiektuan andaluziarrak kartografia bat proposatu du animazioko bideo baten antzera, Gernikak pairatu zuen antzeko eraso basatien saila ontzeko.

Azkenik, Pepo Salazarrek (Vitoria-Gasteiz, 1972) soinu-instalazio bat gauzatu du, eta horretarako requiem bat atondu du, 3rd WW REQUIEM.

Lau Guernica hauen inguruko zehaztasun guztiak artium.org webgunean biltzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button