ESZENA

“Wilt”, “Morritson eta Gartzia”, “OUT/IN”, eta Batmanen amonatxoa oholtzan

Ados Teatroa konpainiak Wilt obra taularatuko du ostiralean, otsailak 10, Andoaingo Bastero Kulturgunean, 21:30ean. Obrak kontatzen duen istorioa aski ezaguna. Izan ere, Tom Sharpe idazle ingelesak idatziriko izen bereko eleberrian oinarritutako antzezlana da.

“Henry Wilt, batez ere, itxaropena galdutako gizona da. Emaztearekin ere ez da zoriontsu. Duen ihesbide bakarra zera da, egunero, txakurra paseatu bitartean, emaztea hiltzeko eta gorpua desagerrarazteko modu anitz asmatzea. Baina, festa batean Wilt panpina puzgarri batekin harrapatuko dute ustekabean, hortik aurrera gauzak aldatuko zaizkio…”.

Bestalde, Cafe Bilbaok antolatu ohi duen antzerkirako idazlanen lehiaketa irabazi zuen Morritson eta Gartzia obrak. Antzezlanak saritutako testua eta zuzenean jotako musika uztartzen ditu euskaraz. Obra iragan urteko abenduaren 1ean estreinatu zuten eta orain lan horren bideo-tailerra zabaltzen ari dira. Izan ere, estreinaldia egin eta egun batzuetara grabatu zuten Eskoriatzan eta Durangon.
Laster lan horren beste bi emanaldi egingo dituzte: otsailaren 25ean Sopelako Kultur Etxean, 20:00etan, eta martxoaren 14an Bilboko Begoñako Kirolaren Udal Institutuan, 19:30ean.

Horretaz gain, Kukai Dantza Konpainiak Karrikan ikuskizunaren egokitzapen berria egingo du otsailaren 12an Errenteria Hiria Kulturguneko auditorioan. Emanaldiak OUT/IN du izena eta 19:00etan hasiko da.

Azkenik, otsailaren 11n, Durangoko San Agustin antzokian La Abuelita de Batman obra antzeztuko dute, 20:00etan. Banarte Antzerki Taldea izango da Alejandro Licona mexikarraren komedia umoretsua taularatuko duena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button