IKUS-ENTZUN

“Werckmeister Harmóniák” eta SOS Arrazakeria

Béla Tarr hungariar zuzendariaren Werckmeister Harmóniák lana aurkeztuko du Bilboko FAS zineklubak asteartean, abenduak 10, El Carmen aretoan, 19:45ean. Filosofian doktore Iñigo Ongayk aurkeztuko du emanaldia.

16 urte zituela hasi zen Tarr dokumental amateurrak egiten, eta 22 urterekin, 1977an, filmatu zuen Családi tuzfészek (Family Nest) bere lehenengo filma. 1984an, halaber, Oszi almanach estreinatu zuen, 1988an, berriz, Kárhozat.

Urte horretan, gainera, László Krasznahorkai idazlearen Sátántangó eleberri epikoaren egokitzeari ekin zion: “zazpi urte beranduago 1994ean harrera oso onarekin hartu zuten mundu osoko kritikoek 415 minututako filma”.

1995ean Journey on the Plain estreinatu ondoren, ezkutatu egin zen 2000 urtera arte, Werckmeister Harmóniák estreinatu zuen data, hain zuzen.

2011n, A torinói ló film interesgarria estreinatu zuen Berlingo zine jaialdian; filmak anekdota historiko bat du abiapuntutzat: 1889. urtean Friedrich Nietzsche filosofoa Turin hirian zela, zaldi bat nola zigortzen ikusi zuen. Filosofoa hunkituta, handik gutxira gaixotu egin zen eta idazteari utzi zion.

Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna

Beste aldetik, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, SOS Arrazakeriak, Balta Txuria, Balta Berdea. Urumearen zurrumurrua dokumentalaren estreinaldia egingo du bihar, abenduak 10, asteartez, 19:00etan.

Europa ekialdeko ijito etniako 100 lagun inguru bizi dira Balta Txuria eta Balta Berdea auzune edo kokaguneetan, Urumea ibaiaren ertzean. 2012. urtean Astigarragako Udalak herrigune gisa onartu zituen bi lekuok, eta bertako biztanleak erroldatu. Erabaki ezohiko bezain eztabaidatua.

Estreinaldia aldiberekoa izango da Astigarraga, Donostia, Errenteria, Getxo, Mutriku eta Zarautz herrietan, eta ostegunean Iruñean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button