MUSIKA

Walter Salas-Humarak Bilboko La Riberan joko du

New York hirian jaiotako Walter Salas-Humara musikariak 80ko urteetako erdialdean abiatu zuen The Silos taldea, eta Rolling Stones aldizkariak AEBetako talderik onena izendatu zuen, 1987an: “Bere estilo soilean, Velvet Underground, REM eta Gram Parsonsen country kutsuko oihartzunak biltzen ditu”. The Silos bandak 12 disko argitaratu zituen 25 urtean, tartean, Cuba bikaina.

Salas-Humarak, bestalde, 1988an plazaratu zuen bakarkako lehen lana, Lagartija, eta 1995ean, bigarrena, Radar. Iaz, halaber, hirugarren lana kaleratu du, Curve and Shake; hain zuzen ere, lan horretako kantuak aurkeztuko ditu igandean, martxoak 1, Bilboko La Ribera aretoan, eta gaur bertan, Donostiako Le Bukowski Klubean. Donostian Naomi Punk hirukote estatubatuarrarekin joko du.

Estatubatuarrak hainbat musikariren laguntzarekin grabatu du diskoa: Jerry Joseph and The Jackmormons talde kaliforniarra eta Portland hiriko Sun Angle bandako taldekide Marius Libman. Lan berriko doinuek kutsu estatubatuar argia dute: rock, pop eta country estiloetatik edaten dute. Diskoa sendoa da, AEBetako musika tradizionalaren sustraiak maisuki haizatzen dituena. Pintorea ere bada: lan berriko azala berak egin du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button