ESZENA

“Wabi Sabi” eta “Euria” koreografiak Dantza Zirkuituaren eskutik

Hitzordu bikoitza programatu du Dantza Zirkuituak datozen egunetarako Lasarte-Orian eta Eibarren. Lehenengoan, Mons konpainiaren Wabi Sabi koreografia oholtzaratuko da maiatzaren 5ean, eta bigarrenean, Markeliñek Euria ikuskizuna egingo du, maiatzaren 8an.

Mons konpainiaren obran erdi-bukatutako marrazkiak, amaitu gabeko esaldiak, behin eta berriz hasten diren eta inoiz amaitzen ez diren istorioak izango dira protagonistak. “Jakin dugu paperen barruan lotan geratzen direla istorio horiek, handik nork aterako zain. Batzuetan, lortzen dute ihes egitea eta hegaka alde egiten dute, onartzen dituen buru  baten bila”.
Mons Ibilbide luzeko dantza-konpainia da eta umeentzako eta familientzako dantza-ikuskizunak ditu espezialitate.

Markeliñeren Euria ikuskizuna gure oinazea leuntzen eta, pixkanaka, egoera berrira ohitzen garen bitartean tristezia lagun dugun denbora-tarteaz mintzo da. Gauza naturala dira galerak, handiak zein txikiak, eta haurrei ere azaldu egin behar litzaieke bizitzako une hori.
1985ean sortu zen Markeliñe eta, harrezkeroztik, antzerki bisuala eta aktorearen imintzioak izan ditu ezaugarri nagusi konpainia horren jardun eta zigilu artistikoak. Horrekin batera, badu beste elementu oso garrantzitsu bat ere: sorkuntza originalaren aldeko joera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button