Nontzeberri

Viva Bazooka, dantzatzeko punk doinu instrumentalak

Gasteizko Viva Bazooka bikote instrumentala, Rafa Bataglia (bateria) eta Hasier Amaiah (gitarra), Adelante punk, báilame el día izenburuko binilozko hamar hazbetekoa plazaratu du Politburó Recording Fiasco diskoetxearen laguntzarekin. Diskoak zortzi pieza biltzen ditu, motzak eta erritmo aldaketekin josiak. Diskoaren 320 ale baino ez dituzte plazaratu.

Viva Bazooka duela urtebete eratu zen Gasteizen, tartean, desagerturiko Erizo taldeko gitarra jotzaile eta abeslariak jotzen du.  Dagoeneko hainbat kontzertu egin ditu bikoteak, hala nola, Euskal Herrian, Espainian eta Frantzian.

Gasteiztarrek argitaratu berri duten lan hau  2012ko uda amaieran grabatu zuten eta vivabazooka.bandcamp.com webgunean osorik entzun daiteke. Diskoetxearen arabera, bikotearena musika basatia da, efektu-pedalik eta programaziorik gabekoa, eta kantu motzak, bitxiak eta infekziosoak egiten ditu.

Hasier gitarra jotzaileari galdera batzuk helarazi dizkiogu, eta ondokoa erantzun du bikotearen izenean.

Argazkiak: Dospordos.

Nola sortu zen Viva Bazooka (VB)?

VB bide berri bat hasteko premiatik sortu zen. 2010ean herri txikietatik datozen bi mutilek topo egin zuten taberna batean, eta pare bat aldiz jo ondoren inprobisazioaren bidetik, deskubritu zuten oso ondo pasatzen zutela elkarrekin jotzen. 

Erizo taldean arituriko musikari batek jotzen du taldean. Zer gehiago partekatzen du VBk Erizorekin? 

Taldekide horrek gitarra, anplifikadore eta ekualizazio berdinarekin jotzen du. Hortaz, gitarraren soinua partekatzen du Erizorekin. Kasu honetan baina, efekturik gabe jotzen du gitarra. Horretaz gain, “etika punk” baten antzekoa ere partekatzen du Erizorekin, alegia, taldeak nahi duena egitea, nahi duenean, eta nahi duen moduan.

Eriozoko gainerako taldekideei dagokienez, Mikel baxu jotzailea pozik bizi da Alemanian; Aritza bateria jotzailea, berriz, lagunekin jotzen ari da eta egitasmo musikal berri bat prestatzen ari da. Aritz ezagutzen dugu nolakoa den: proiektu horrek ez du izenik izango taldeak zerbait esateko beharra sentitu arte.

Zergatik talde instrumentala? Esate baterako, Erizon alde lirikoak pisu handia zeukan.

Hain zuzen ere, horregatik. Hitzen zama pisutsuegia bihurtu zen azkenean Erizon. Halere, ez ditugu ahotsak baztertzen, agian egunen batean sartuko ditugu, baina une honetan ez daukagu inolako asmorik.

Nola sortzen dira doinuak lokalean? Ez dirudi lan erraza hain kantu laburrak, azkarrak eta horrenbeste erritmo aldaketa dituztenak sortzea. Hori guztia egituratzea nahasi xamarra dirudi.  

Doinuak inprobisaziotik ateratzen dira, eta egituratze lana egiteko entseguetan egiten ditugu grabaketak erabiltzen ditugu. Egia esan, doinuak ez dira lehen entzunaldian diruditen beste konplexuak. 

Aipatutako zuen musikaren ezaugarrien harira, VBren proposamena Victim’s Family edo Don Caballero bezalako taldeekin lotu daiteke? Zeintzuk dira zuen eraginak?

Eraginei dagokienez, gehienetan NoMeansNo, Jon Spencer Blues Explosion eta John Zorn aipatzen ditugu, zuk esan dituzun taldeen adibide gisa; hau da, estiloen crossover-a (uztarketa) jorratzen duten punk jarreradun bandak. Gure taldeak gehien gustatzen zaizkigun estiloen batidora bat izan nahi du, hiru irizpide argirekin: energia, dibertsioa eta hirugarren kontzeptu argi batekin; kantu bat kantu bat dela, eta ez gazpatxo bat.

Diskoaren izenburua deigarria iruditu zaigu. Dirty Harry zine pertsonaiaren esaldia aipatzen du, ezta? Zergatik hautatu duzue izenburu hori, Adelante punk, báilame el día?

Guretzat garrantzitsua zen gure lehendabiziko erreferentzia fisikoan Punk eta Dantzatu hitzak agertzea. Uste dugu gure musika definitzen duten bi zaugarri nagusiak direla. Kontrazalean titiak agertzea ere garrantzikoa zen.

Halaber, azalaren diseinua ere asko gustatu zaigu. Nork egin du?

Mundina izeneko artista handiak egin du. Gure laguna da, eta Gasteizko marrazkilaririk onenetarikoa. Aurretik Gaztegin edo Ardi Beltza bezalako argitalpenetan kolaboratu zuen, badakizu, modu misteriotsuan ixten diren argitalpen horiek. Horretaz gainera, S.A. bezalako talde ezezagunentzat ere egin ditu disko azalak.

Harrera ona al dauka diskoak? Pozik lortutako emaitzarekin?

Harrera oso ona izaten ari da, eta oso kontent gaude nola ari dien gauzak ateratzen orain arte, zentzu guztietan. Batez ere, elkarrekin jotzen asko gozatzen ari garelako eta ateratzen zaizkigun doinuak asko gustatzen zaizkigulako, izan ere, urtebeteko lana eta gero, kantuek oraindik energia transmititzen digute.

Etorkizunerako planik?

Betiko planak: ahalik eta gehien jo zuzenean, konposatzen eta grabatzen jarraitzea, eta ateratzen den hori, ahal den moduan argitaratzea.