LITERATURA

“Kartzelako poemak” liburu berriaz

Gartzelako poemak Joseba Sarrionandiak euskaraz idatzitako poesia liburua da, 1992an Susak argitaratua. Liburuan 1980tik 1985era idatzitako  poemak agertzen dira.

 “Gartzelako Poemak hau, hurrinetik ailegatu den liburu hau, Joseba Sarrionandiaren biografiaren aldi ezagunenetik hurbilen duguna da. Hain hurbil gutako askorengandik non urteotako literaturan bereizi ezina bilakatu den hartaz ari den: gartzela, oinazea, heriotza… Non dago honi buruzko urrezko metafora? Josebaren testuak, hain gustoko dituen baforeen antzera, euren kasa nabigatzen dira beti, galarrenaren ikara barik, irakurleari desio duen ur ildoa utziaz”, idatzi zion Ruper Ordorikak hitzaurrean.

Eta Joxe Mari Iturraldek epilogoan honakoa: “Poema hunkigarriak, latzak, zailak irensten, grabeak, garratzak, gordinak… ez dago inolako duda izpirik horretan, Sarrionandiak eskeintzen dizkigunak, oraingoan. Seguruenik, irakurlea, liburu hau amaitu ondoren, ez da hasterakoan zegoen bezain sosegaturik eta lasai geratuko. Zerbait irauliko zaio barruan eta handik aurrera irudituko, bera ere zelda batean entzerraturik bailegoen, oraindik esku artean daukan liburu hori katea astuna bihurtu zaiola.”

Liburuko poemok ez badituzue irakurri, azaroaren 10ean, 19:00etan  Kartzelako Poemak errezitaldia egingo da Donostiako Doka Kafe Antzokian, eta han entzun ahalko dituzue, bederen. Gainera, ekitaldi honen bidez Susa argitaletxeak Joseba Sarrionandiaren Kartzelako Poemak liburuaren berrargitarapena aurkeztuko du. 

Bost idazlek hiruna poema irakurriko dituzte. Hauek izango dira parte hartzaileak: Joxemari Iturralde, Jon Benito, Mikel Etxaburu, Oier Guillan, Jose Luis Otamendi.

Preso egon denaren gogoa

Preso egon denaren gogoa
gartzelara itzultzen da beti.
Kalean juje, fiskal eta
abokatuekin gurutzatzen da,
eta poliziek, identifikatu ez arren,
beste inori baino gehiago
begiratzen diote, bere pausua
sosegatua ez delako
edo sosegatuegia delako.
Bere bihotz barruan
betirako kondenatu bat dago.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button