ARTEA

“Viphoto Fest” jaialdiak egungo argazkigintza eraman du Gasteizera

Viphoto Fest jaialdiak hainbat erakusketa paratu ditu Gasteizko makina bat tokitan, gaur egungo argazkigintzaz gozatzeko. Adibidez, Vital Fundazioa erakusketa-zentroak Patrick Grijalvo, Nahikari Mora, Javier Reparaz eta Manolo Vazquezen lanen aukeraketa biltzen duen Geruzak argazki-erakusketa jarri du abian. Abenduaren 12ra arte, lau artiston lanaz gozatzeko aukera izango da.

Geruzak erakusketako egileak irudien metaketa eta gainjartzearekin egiten dute lan, eta “argazkien dimentsio biko kontzeptu eta figuratibidade tradizionaletik kanpo dauden proposamen berriak sortu dituzte, collage eta eskultura bezalako beste diziplina batzuk aurkezteko. Erakusketaren gaiak hirietako bizitzan ardaztuak dira, artistek nola adierazten dituzten espazio horiek eta biztanleak nola erretratatzen diren espazio horietan”.

Patrick Grijalvok Arte Ederrak ikasi zituen EHUn, ikus-entzunezko irudia eta argazkilaritza espezialitatean, eta ikasturte bat egin zuen Athens School of Fine Arts akademian. Bere lanak zehaztasuna du ezaugarri eta forma arkitektonikoari buruzko hausnarketa plazaratzen du.
Nahikari Morak denbora luze ematen dio irudiak lortzeko argazki eta zinematografia prozesu historiko eta artisautzakoen ikerketari, objektiboari balioa emanez, erakusketako pieza den aldetik.
Javier Reparaz argazkilaria da zaletasunez, laborategiaz eta antzinako argazki-prozesuez maiteminduta dauden argazkilari-motakoa da, eta artisau-teknika horiei egungo erabilera ematen saiatzen da.
Manolo Vazquez arkitektoa eta argazkilaria da eta geruzen metaketa prozesu baten bidez, eta opakutasuna landuz, argazkiak argazki berri bihurtzen ditu.

Aipatutako erakusketaz gain, Simulakro baterako joka-bidea (Antonio Guerra), Interval (Patricia Bofill), Rasar (Joan Fontcuberta) eta Gerraren Museoa (Roberto Aguirrezabal) izeneko erakusketak ere abian jarri dira Viphoto Fest jaialdiaren baitan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button