IKUS-ENTZUN

VI. Mendi Film-eko onena “Mendi Tour” ekimenean

Mendi Film Festival jaialdian proiektatutako film onenak urtarrilaren 29, 30 eta 31n ikusi ahal izango dira Vital Kutxaren Fundación Aretoan, Dendaraba merkataritza-zentroan.

Gasteizko ikus-entzuleek zortzi film ikusi ahal izango dituzte guztira, horietatik bost, azken zinemaldiren 6. edizioko palmaresean, hainbat kategoriatan garaikurrak lortu zituzten lanak dira. Horien artean, Cerro Torre lana, mendiko film onenaren saria jaso zuen pelikula. Beste batzuk: film labur onenaren saria (Cascada), gidoi onenarena (Art of freedom), kirol eta abenturazko film onenaren garaikurra (Steps) eta eskaladako film onena (The Sensei).

Cerro Torre filma da zinema-genero hau maite dutenentzako erakargarri nagusietako bat. Austriako ekoizpen bat da, 2013koa, Thomy Dirnhoferrek zuzendua eta 100 minutukoa. Patagoniako natura miresgarrian kokaturik, filmak David Lama eta Peter Otnerrek osatutako sokaldiaren asmoa jasotzen du iruditan: Cerro Torre mendiaren hego-ekialdeko horma ospetsua lehen aldiz era askean eskalatzeko ahalegina, hain zuzen. Munduko mendirik zailenetako baten aurpegirik basatiena librean eskalatzeko saioa, alegia.

Aipatu behar da, lehen emanaldi honetako zortzi pelikulak jatorrizko bertsioan proiektatuko direla eta horietatik hiru (Cascada, Crossing the ice eta Valhalla) euskarazko azpidatziekin.

Zinemaldiaren asmoetako bat, leihoak Euskal Herri osora zabaltzea da, eta horixe da, hain zuzen, Mendi Tour ekimenaren funtsa; 2013ko abenduaren 13tik 22ra lehian izan diren 40 film horien lagin esanguratsuena herriz herri ikusteko aukera eskaintzea.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button