IKUS-ENTZUN

Van Gogh pintoreari egindako animaziozko omenaldia

Vincent van Gogh pintorearen koadro animatuekin ondutako lana da Loving Vincent (2017, Polonia). Dorota Kobiela eta Hugh Welchman zinegileek filmatua, fotograma bakoitza oleoan pintatutako koadro bat da, eta filmak, guztira, 56.800 fotograma ditu. Koadrook hainbat artistek egin dituzte, pintore ospetsuaren estiloa imitatuz. Lan erraldoi hori gaur pantailaratuko du Bilboko FAS zineklubak, El Carmen aretoan, 19:45ean.

Horrekin batera, Viacruxis (Ignasi Lopez, 2018) lan laburra ere ikusi ahalko da, KORTeN! erakustaldiaren baitan. Emanaldia, halaber, Pedro Rivero zinegile eta Animakon animazioaren inguruko jaialdiaren zuzendariak aurkeztuko du.

Loving Vincent pintoreari buruzko biografia da, hark utzitako gutunetan oinarritzen dena, baina pintorea hil era gero garatzen da. Bilboko zineklubaren arabera “Armandek, Van Goghen laguna den Roulin postariaren semeak, margolariaren azkeneko eskutitza hartzaileari entregatzeko egiten duen saiakera. Auvers-sur-Oise hirira eramango du bidaiak, hil aurreko bere azkeneko etxera. Margolaria ezagutu zuten jendearekin eta lekuekin topo egitea artistaren arimarako bidaia mistikoa izango da protagonistarentzat, eta horrek bere heriotzari –baita bere bizitzari ere– zentzua aurkitzen lagunduko dio”

Hala, formalki lan liluragarria da, koloretsua, eta zinegileek sekulako trikimailu teknikoak egin dituzte koadroak mugimenduan jartzerakoan. Zinearen historian loratutako harribitxi da Loving Vincent. Hala, filmak makina bat sari jaso ditu.

“Van Goghen buruan sartzen gaitu filmak, hura ezagutu zutenen kontakizunen eta Armanden irudimenaren bitartez.Ikusleak Van Goghen margolanik ezagunenen bitartez bidaiatuko du, protagonistaren ikerkuntza jarraitzeko.Bidaia gero eta onirikoagoa bihurtuko da, tramak ez baitu lortzen egia objektibo bat aurkitzerik”.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button