EZLEKUBAT

Urtzi Perez: “’Benetako Istorioa’ egiteko, erronka tekniko batetik abiatu nintzen”

Urtzi Perez (Romo, Getxo, 1978) zinegileak Betiko Istorioa izenburuko film laburra estreinatuko du apirilaren 24an, Bilboko Pabilioi 6 aretoan, 20:30ean. Miren Gaztañaga eta Inés García-Cardenal aktoreek antzeztu dute lan berria. Zinegilearekin hitz egin dugu, estreinaldi horren berri izateko.

Nor da Urtzi Perez?

Urtzi Perez zine zale amorratu naiz, txikitatik. Idazle eta zine-zuzendari autodidakta. Ipurterrea, inkonformista eta oso sortzailea. Beti ari naiz istorio berriak asmatzen eta sortzen, munduari botatzeko asmoz. Barruan daukadana atera nahi dut, benetan ikusteko zer den, eta gero, ikus-entzuleen laguntzaren bidez, egunero apur bat gehiago hazi, bai artista, bai norbanako gisa.

Zortzi urte daramatzazu ikus-entzunezko egitasmoak zuzentzen, baina Betiko Istorioa al da euskaraz hutsean egin duzun lehendabiziko lana?

Bai, euskaraz egin dudan estreinako lana da. Aurretik egindako film laburrak gaztelaniaz filmatu ditut: Ahora, Amada Mantis eta Entre Interiores. Gaztelania erabili ohi dut, niretzat erosoa baita. Betiko Istorioa euskaraz egin nuen, zorrean nengoelako nire buruarekin. Ikastetxean B ereduan ikasi nuen, hau da, euskaraz, eta Euskal Herrian bizi naiz. Hortaz, euskaraz filmatzeko egunak iritsi beharra zeukan.

Zure lan metodoa berdina al da euskaraz edo gaztelaniaz filmatzerakoan?

Bai, normalean metodoa antzekoa da, hizkuntza gorabehera. Kasu honetan, gidoia nik idatzi nuen, eta auzokidea dudan lagun-irakasle batek euskarara ekarri zuen. Aktoreak zuzentzerakoan, esaterako, hitzezko ez den komunikazioaren kontrola bertsua da, bai eta testua ondo esateko kontrola ere. Aurretik, testua etxean ikasten dut, aktoreek hutsik egin ez dezaten.

Nola sortu zen filmaren ideia?

Erronka tekniko batetik abiatu nintzen: nola kontatu nahi nuen istorioa ahalik eta plano gutxien erabiliz.

Zer kontatzen du filmak? Trailerra ikusi eta gero, badirudi egoera arrunta batetik abiatzen dela, baina zein norabide hartzen du?

Arratsalde arrunt batean gertatuko den istorioa kontatzen du. Parke batean, lanez gainezka dagoen ama bat nekatuta dago alaba egun osoan jolasean ari baita. Egoera horretan, zeinek jartzen ditu mugak?

Sarritan, uste dugu gauzak ondo egiten ari garela, baina epe luzera begiratuz gero, etorkizunera, hasiera batean egokia zirudien hori, txarto zuzenduta dagoela ohartuko gara, eta gauzak ondo egin ezean, ondorioak guk geuk jasango ditugu.

Horretarako, zuri eta beltza erabili dituzu, zergatik?

Oso galdera ona. Zuri eta beltzaren bitartez, gordintasuna bilatu nahi nuen. Horretaz gainera, gizarteak ohikotzat jotzen dituen zalantzekin apurtzea ere. Zuria eta beltza, gauza bat ala bestea da. Hasiera batean, eguneroko istorio bat da, baina hasiera eta amaiera ikusi eta gero, ondorio oso errealetara iritsiko da ikus-entzulea. Uste dut gauzak ez direla hasten diren moduan, baizik eta nola amaitzen diren.

Apirilaren 24an estreinatuko duzu lan berria. Nola hartzen dituzu estreinaldiak?

Ilusio handiz eta artega, biak batera. Intentsitate handiko uneak bizitzen dira, eta era berean, oso une ezberdinak. Baina batez ere, une edo esperientzia aberasgarri eta hezitzaile gisa bizi ohi ditut, bai nire ikuspegitik, zein ikus-entzuleen ikuspegitik.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu