MUSIKA

Urtz taldeak “Zabaldu ateak” disko berria kaleratu du

Urtz taldeak bere zortzigarren estudioko lana aurkeztu du: Zabaldu ateak diskoa. Lan berriak hamar kanta dakartza, eta oinarrian, taldearen  berezko izaera dago.

Azken bi urteak taldeak sormenean eta kantuak konposatzen eman ditu, eta lana 2018ko bukaera eta 2019ko hasiera artean grabatu da, zenbait estudiotan: Muxikon eta Lorentzo Recordsen, besteak beste. Iñigo Etxebarrietak egin ditu nahasketak Muxikon estudioan.

Kantuen hitzak Xabi Camarerok sortu ditu eta Iñaki Lazkanoren laguntza izan du. Eta diskoaren grabazioan ere kolaborazio bereziak izan ditu taldeak: Pello Ramirez, txeloan; eta Alex Sarduy (Gatibu), ahotsean.

Musika aldetik, rock estiloa nabaria da, “taldeak betidanik izan dituen berezko estiloa gogoraraziz”. Baina sonoritate berritzaileak antzematen dira, taldekide berrien eta soinu teknikariaren ekarpenei esker. Baladarako tartea ere badago, Argia kantua da adibidea.

Kantuen hitzei dagokionez, gehienak “iradokizunaren eremuan mugitzen dira, zabalak dira eta interpretaziorako aukera eskaintzen dute. Badaude, bestalde, mezu esplizituak luzatzen dituztenak baita ere; diskoari izenburua ematen dion Zabaldu Ateak kantuak, adibidez, zuzenean salatzen du migrazioen alorrean mendebaldeak duen jarrera”.

Lan berri honetan Urtz taldekide berriekin dator: jatorrizko eta betiko taldekidea den Xabi Camarero ahotsa eta gitarran aritzen da ohi bezala; eta berarekin batera, Ander Hurtado de Saratxo, bateria eta perkusioan; Dani Vicente, gitarran; eta Jorge Sanchez, baxuan.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button